Inauteriek agerian utz ditzaketen sekretuak

ihauteriakEz naiz inauterietan inoiz ere mozorrotzen. Ez zait gustatzen. Ez diot nortasuna aldatzeari inongo graziarik ikusten. Gainera, uste dut badaudela kalean benetako itxura eta asmoa ezkutatzen dituzten maltzur gehiegi eta, beraz, ez duela merezi bizio hori goraipatzen duten festekin bat etortzea. Ez, inauterietan ez naiz mozorrotzen!

Haatik, mozorrotzen direnak ikustea gustatzen zait. Ez beraien gogoa edo irudimena miresteko, baizik eta mozorroen azpian gordetzen dutena asmatzen saiatzeko. Badira urte asko jarrera horri heldu niola eta, ordutik hona, gauza harrigarriak aurkitu ditut. Alferrikakoak gehienak, inork ez baitie inoiz ere nire salaketei jaramon handirik egin; baina, hala ere, nirean setatu naiz, eta urtez urte aurkitutako guztia idatzita utzi dut.

2008an, adibidez, inauteriak Madrilen pasatu nituen. Eta Juan Karlos erregea karta errege mozorroarekin ikusi nuen; kopako erregearena, hain zuzen. Nazioarteko hedabide garrantzitsuenei bidali nien mezua; baina, biharamunean, Jaime Peñafielek ihardetsi ninduen, eta inork ez zuen nire gutuna argitaratu.

2010ean Donostian geratu nintzen. Txinatarren erara mozorrotutako donostiar asko, eta europar itxura hartu nahi zuten beste hainbeste txinatar ikusi nituen. Gaia larria iruditu zitzaidan, eta Eusko Jaurlaritzari bidali nion gutuna. Ez dut oraindik erantzunik jaso, eta kezkatzen hasi naiz: Lehendakari jauna gero eta horiago dagoela ematen dit, begiak ere gero eta itxiagoak dituela, eta atzo, asteroko erosketa handia egiten ari nintzela, supermerkatuan ikusi nuen, arroza kiloka erosten.

2012an inauterien sorburura joan nintzen, Tolosara alegia. San Frantzisko plazan  “el condor pasa” abesten ari ziren peruarrak ikusi nituen; eta, ikusleen artean, Nafarroako erriberan ekoiztutako Eusko Labeleko tomate mozorroak; eta, haien ondoan, Perutik ekarritako Nafarroako zainzurienak. Arretaz begiratu, eta berehala jabetu nintzen jotzen ari ziren peruarrak ere ez zirela jatorrizkoak, Goierrin ezkutatutako txokoren bateko mozkor laukotea baizik.

Iaz, txikitatik egiten ez nuen arren, usadioa hautsi eta mozorrotu egin nintzen. Hori burutazioa! Lagunak zirenek ikusi egin ninduten, eta jipoi ederra eman zidaten, printzipioak zaindu behar direla ikas nezan. Ez zidaten berriro kalera ateratzeko gogo handirik utzi, eta, aurten, mozorroek ezkutatzen dutena agerian uzteko moduren bat asmatzearren, etxean geratu naiz. Eta, nola edo hala, lortu dut. Hiztegia hartu, hitzen arropen azpian bilatu, eta ezusteko esanahi ezkutu asko aurkitu ditut. Hona hemen batzuk:

– Armiarma: Zortzi hankadun intsektuak ikustean, ijitoek arimari egiten dioten babes-erregua.
– Belar: Bele emearen bikotekidea.
– Gormutu: Iparraldean, gormiti.
– I-tona: Teknologia berrien erabilera ulertzen saiatuz urteak xahutu ondoren, autoestimua galdu eta iton sentitzen den aitona.
– Koldar: Oldarra “k” xume baten truke saldu duena.
– Maitale: Irritsa galdu duten bikoteek iganderoko paellan, arrozarekin nahasten dituzten aleak, arratsaldea aspergarriegia izan ez dadin.
– Makurtu: Otordu lasterreko jatetxe ezagunetan, izozkiek udan egiten dutena.
– Miazkatu: Euskara ikasle anglosaxoiak erabiltzen duen askatasun oihua; batez ere, bere irakasle limurtzaile eta haragikoiaren proposamen maltzur eta azpijokoei uko egin nahi dienean.
– Mihiseria: Hi haizen miseria!
– Senargai: Ezkondu baino lehen, logelako armairua muntatzen duena, eta ezkontza gauean bertan armairu horretatik bertatik ateratzen dena.
– Zerrote: Ezezagunarren aurreko sorrprresa adierrazten duen hitz parrea.
– Zirkular: Lehenengo adiera batean, plateren ohiko forma; bigarren adieran, bi hitzetan, sukaldari ospetsu batzuk sukaldaritza bihurtzen ari direna.

Uste dut, datorren urteko inauterietan ere etxean giltzaperatuko dudala nire burua berriro, aurten aurkitutakoak aurreko urteetakoa luzez gainditu du-eta. Zuek ere saia zaitezkete, bihar bertan nahi baduzue. Ez duzue zertan hurrengo inauteriak iritsi arte itxaron behar!

 

 

Egilea: Euskaldunberria
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude