027 MATEMATIKAREN ERAGINEZ

MatematikaJoan den ostiralean, nire urtebetetzea izan zen eta eraldatu egin nintzen; ez adinaren erruz, baizik eta eragiketa matematiko xume batzuei esker.

Berrogeita hamaika urte bete nituen eta, ospatzeko, korrika egitera atera nintzen goizean goiz. Burutik jota nagoela? Izan daiteke; baina goizeko isiltasunean korrika egitea gustatzen zait, eta ez zitzaidan urtebetetze eguna hasteko hoberik bururatu. Tamalez, joan den ostiralean ez nuen ohi bezala disfrutatu, akats barkaezina egin nuelako: ostirala zela ahaztu nuen, ostegun unibertsitarioaren biharamuna alegia, hitzak dituen adiera guztietan. Nik, axolagabe, itsasertzean korrika egitea erabaki nuen eta, Zurriola eta Kontxako hondartzak inguratu ondoren, La Perlara iritsi nintzen diskoteka ezagun baten irteeraren unean. Berrogeita hamaika urteak harriduraren kontrako txertoa dira eta, hortaz, ez nituen begiak ostruken antzean ireki goizeko zazpietan ikasle artaldeak oraindik esna ikusteagatik (denok izan gara gazte), edo nire alaba izan zitekeen neskatxak oparitu zizkidan berdekeriengatik (urtebetetze opari guztiak eskertu ohi ditut, nola atseginak hala kaskarroak). Baina gertuko iturri batean edaten ari nintzela, oso elkarrizketa deigarri bati erreparatu nion, eta tragoa luzatu nuen bukaeraraino entzutearren.

Bi lagun zeuden farola baten ondoan, nola edo hala zutik biak. Batak ez zela klasera joango esaten zion besteari; eta gaua pitin bat luzatzeko eskatu ere egiten zion, bere gurasoak lanera joan arte gutxienez. Horrela, etxera iritsi bezain laster oheratuko zen inori inongo azalpenik eman gabe. Entzuleak ezetz esaten zion, antza, zeren lehenengoa setatu zen eta, oso erdara ederraz, horrelakoa esan zion: “venga tío, hasta las siete y media o así. Lo justo para que mi viejo no me ladre y mi vieja no me coma la oreja cuando llegue”. Eta bai berrogeita hamaika urteko txakur zahar eta zaunkaria naizelako, bai belarria jatea gustukoa duen orojalea izateagatik, bai entzun berria neukana sekula santan entzun ez dudan lotsagabekeria iruditu zitzaidalako, ezin izan nuen goiz osoan burutik aldendu. Eta bazkalostean, datu batzuk bilatu nituen Interneten eta hasieran aipatutako eragiketa matematikoei eman nien.

Estatu osoan, 9.000 milioi euro gastatzen dira unibertsitate publikoaren kosteari aurre egiteko. Beraietako 1.290 milioi euro ikasleek ordaintzen dituzte matrikulen bidez; beste 7.710ak estatuak ordaintzen ditu hiritar guztion zergekin. Espainiako unibertsitate publikoak, bestalde, 1,3 milioi ikasle ditu. Beraz, lehenengo zatiketa bat eginez, ikasle bakoitzaren urterokoa 5.930 eurokoa dela ondoriozta daiteke. Eta ikastaroak 150 eskola-egun dituela onartzen badugu, bigarren zatiketa bat besterik ez dugu egin behar klase egun bakoitzaren kostea jakiteko: 39,5 euro, hain zuzen ere. Hori da Ikasle bakar batek egun bakar batean txikarra egitean sortzen duen zerga-iruzurra. Horrelako kantitateari zerga-iruzurra deitzea gehiegikeria dela esan diezadakezue, baina estatu osoko ikasle kopuruarekin biderkatzen badugu (gogora ezazue 1,3 milioi direla), 39,5 eurotxo horiek 51 milioi euro bihurtzen dira, Barcenasek Suitzara desbideratu zituen 47 milioiak baino pitin bat gehiago. Antzeko kalkulua egin daiteke hiru egunekin. Orduan, emaitza 153 milioi eurokoa izango da, Castelloneko aireportua berriro ordaintzeko diru nahikoa. Eta, gogoaren arabera, nork bere gogoeta egin dezake, ikasle bakoitzak zenbat aldiz egingo ote dion kale ostiral goizeko saioari irudikatu, eta zer nolako baliabide xahutzen diren ostiralero ostirala dela ospatzeko asmatu.

Nik, nire aldetik, joan den ostiralean egin nuen nirea. Eta ez adinaren erruz baizik eta eragiketa matematiko xume batzuei esker, berrogeita hamar urteko agure zahar, atzerakoi eta eskuindarra izateari utzi nion eta inbertsio publikoa defendatzen duen berrogeita hamaika urteko gazte aurrerakoi eta ezkertiar bihurtu nintzen. Eta, jarraian, liburu dendarik gertukoenera abiatu nintzen eta “Kapitala” oparitu nion neure buruari. Eta bi aldiz irakurri ondoren, materiari plusbalia emanez bildu dudan kapitala osorik koltxoi azpian ezkutatu nuen, Barcenasek, Carlos Fabrak ala oraindik ezagutzen ez ditudan ikasle parranda zale batzuek lapurtu ez diezadaten.

Egilea: Euskaldunberria
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude