2016AREN BOTEPRONTOKO LABURPENA

DO20162016an ez-da-ezer-egon herritar maite hori:

Atzo ikusi genuela iruditu arren, urrun samar gelditzen zaigu 2011ko maiatzaren 02an Madrilgo Museo del Trajen egin zen izendapen-ekitaldi hura, non hitz magikoak entzun genituen Herr Gaulhofer-en ahotik: San Sebastian!!! Zorioneko egun hartan iragarri zenuen etortzekoa zen hiriburutzaren urtea iruzur hutsa izan behar zela. ”Hau bai ziria sartu digutena!”, aipatu zenuen; eta epai hori zabaldu ondoren jarraitu zenuen “Sálvame” ikusten: Marilo Monterori egiten ari zitzaizkion elkarrizketa esklusiban.

Bai, aspaldi samar gertatu zen hori dena, eta geroztik ez dira atzera-aurrerak falta izan proiektua gauzatzeko ahaleginean. Baina, eztabaidak eztabaida eta hauteskundeak hauteskunde, 2016. urtea iritsi zen; eta mespretxuz espero zenuen urte horren hastapenetan bizi izandakoak (gogoratuko duzu, zubiarena) ez dauka zer ikusirik hamabi hilabete horietan zehar ikusteko aukera izan duzunarekin (nahi izan bazenu, noski).

Urtea hasi baino lehenago, dagoeneko martxan zegoen Nao San Juan itsasontziaren eraikitzea, aurten enbaxada ibiltaria izatea helburu zeukana. Ez da bukatu, arrazoi duzu, eta ez dute bukatuko datorren 2018. urtera arte, baina han ikus daitekeenak benetan merezi du Pasaiaraino txango bat antolatzea. Egon al zara? Egia da, San Pedron autoa aparkatzea zail samar izaten da. Urtearen hasieran Time Machine Soup ikuskizun bitxia eskaini ziguten; bertan gizakiaren historian barrena egon diren zopa batzuk probatzeko parada izan genuen, musika eta ikus-entzunezko muntaiarekin batera. Ezin izan zenuen sarrerarik eskuratu; urtarrileko aldapa, bai. Aste Santuan Maria Kristina zubian, bai, zubian berriro, Stop War musika festibala gertatu zen. Han, nazioarteko hainbat artistak hartu zuten parte; Nik Lowe-k edo The Bootom Rats taldeak, besteak beste. Kontzertuak doan izan ziren eta milaka pertsona hurbildu ziren artista haiek eskaini ziguten musikaz gozatzeko; bertaratu al zinen? Udaberrian, Ilunbeko zezen-plazan Europako hainbat herrialdetako hirietako musika-eskolako milaka ikasle eta irakasle bildu ziren haiek sortutako musikaz eta dantzaz gozatzeko. Ez zen publiko orokorrerako ekitaldi irekia baina aipatu behar dizut Ilunben elkartutakoek primeran pasa zutela, eta zure hiriaren izugarrizko oroitzapena eraman zutela. Udaran izan zen ziur aski arrakasta handien lortu zuen ekitaldia, Shakespeare-ren Uda Gau bateko Ametsa, hain zuzen ere. Abagune ugari izan zenituen uztailean zehar antzezlan famatu hori ikusteko. Ezin da ahaztu, gainera, egiazko saioa hasi baino lehenago afaria ematen zutela, benetako ezkontza izango balitz bezala. Emanaldia itzela izan zen: aktore-aktoresak, jantziak, apaingarriak, musika, afaria… Ezin zen gehiago eskatu. Sarrerak aitaren batean agortu ziren, noski; oraingo honetan aitzakia izan zenuen. Udazkenean, Tolosako Topic-ekin batera Txotxongilo Nazioarteko Topaketak antolatu zituzten. Emanaldi zoragarriak egon ziren, batzuk benetan originalak; eta Kursaalean egin zuten hasiera irekia “lo del puente” baino askoz politagoa izan zen (eta ziurrenik ez zuten horrenbesteko dirutza gastatu…).

Urtea bukatu da dagoeneko. Bihar San Sebastian bezpera. Azken erakusketak oraindik zabalik daude. Ding ding ding!!! Azken itzuliko kanpaiak entzuten dira. Zu, ordea, etxean zaude, arratsaldeko telesaioak ikusten; bihar Errealaren partida eta gero afarira joango zara, urtero legez. “Jaungoikoari esker!!!”, pentsatuko duzu. Azken finean, Supertramp taldearen diskoak esaten duena parafraseatuz, “Kultura, zein kultura??”

Adeitasunez, agur.

Andres Martínez
Hiritar autonomo

Donostian, 2017ko urtarrilaren 17an

Egilea: KomaHantxe
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude