URKULLU

Gure lankide eta lagun ondarrutar Amaiari gertatu zitzaion jubilatuen talde batean. Hastapenetan zeudenez, horrelakoetan lexiko ariketa dexente egin ohi dira, eta hor dabiltza baserriko edo mendiko hitzak gora hitzak behera, demagun baserriaren goiko aldea ganbara dela eta behiaren arra zezena dela… Halako batean, jatorriz errioxarra den emakume batek zera erantzuten dio “ animaliak biltzeko tokia” definizioari: urkullua.

Irudika dezakezue han sortu zen algara trumoitsua. Noski?, errioxarra apuratu egin zen eta azkar asko argitu omen zuen berak ez zeukala ezer EAJren aurka, eta subkontzientearen jokaldi horietako bat zela.

Ba, nik diot ikasle hura oso-oso ondo egokitzen ari zitzaiola euskalduna izateari; izan ere, zer ginateke gu politika eta politikoak gure bizietatik desagertuko balira? Eta pentsatzen jarrita, ze arraio, arrazoia du! Nahas ditzagun euskara eta politika eta horrela, hemendik aurrera, adibidez:

  • basoan dabilen zerri moduko hori basagoitia izango da.
  • eta gezurraren kontrakoa egibarra
  • Badakizue nola esango zaion mendian dagoen landare arantzadun eta lore horidunari? Otegia.
  • Eta zorriaren arrautza txiki bati? Bartzina.
  • Azkenean, lortuko dugu edateko ona ez den ura ematen duen txorrotari iturgaitza deitzea, e.a.

Orduan, badakizue irakurle maiteok, kontu honek jokoa ematen du. Ezetz amua irentsi eta adibide gehiago asmatu!!

Izar 12 izar3 izar4 izar5 izar (5 bozka, batez bestekoa: 4,00 / 5-etik)

Egilea: E-pistola
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude