Aingeruak

angelsZuentzat ez da, agian, berria izango, baina nik atzo ikasi nuen: aingeru guztiak ez dira berdinak. Bai, aingeru mota ezberdin asko dago, bederatzi hain zuzen, Pseudo Dionisio Areopagitak adierazi  zuenaren arabera. Pseudo Dionisio IV. eta V. mendeko teologo bizantziarra izan zen (ikertzaileek ez dakite zehatz-mehatz zein urtetan jaio eta hil zen), eta De coelesti hyerarchia izenburuko liburuan, oraindik indarrean dagoen zeruko izakien sailkapena proposatu zuen.

Horrela, hiru aingeru hierarkia aipatu zituen, eta hierarkia horietako bakoitza hiru koroatan banatzen zela ere xedatu zuen. Bere liburuan zehaztasun ugari ematen ditu, baina nik, liburua osorik irakurri ez dudanez, laburpentxo motza egingo dizuet.

Lehenengo hierarkia Serafin, Kerubin eta Tronoen koroek osatzen dute. Hierarkia hori gorena da eta, ondorioz, bere koroek zeruko funtzio gorenak ere betetzen dituzte. Serafinek, adibidez, Jainkoa laudatzen dute; Kerubinak, berriz, izar eta argiaren arduradunak dira; eta Tronoak orden unibertsalaren eraikitzaileak dira. Aingeru hauek guztiak Jainkoarengandik gertu bizi dira, eta aingeruen ohiko hegal parea izateaz gain, beste pare bat edo bi gehiago dituzte, aurpegia Jainkoak isurtzen duen distiraregandik babesteko.

Bestalde, betetzen dituzten funtzioak ez dagozkio Lurrari eta, ondorioz, gizakiongandik urruti daude. Izan ere, ezaguna dugun bakarra Luzbel Kerubina da. Gogoratuko duzue Luzbelek Jainkoari aurka egin ziola, eta Jainkoak, erabat haserre, izena aldatu, Luzifer deabru bihurtu, eta infernura bidali zuela bere harropuzkeria zigortzeko. Baina, pasadizo horren salbuespena izan ezik, gizakiok ezer gutxi dakigu lehenengo hierarkiako aingeruei buruz.

Bigarren hierarkiaren koroak Dominazio, Bertute eta Aginte dute izena eta, erraz uler dezazuen,  zeruko poliziaren lana egiten dutela esango dizuet. Dominazioak, sailkapenean beherago dauden aingeruen betebeharrez arduratzen dira. Bertuteek, beraien aldetik, funtzio bera betetzen dute, baina gizakien arloan. Eta Aginteek, jaiotza eta heriotzaren aingeruak izan, eta kontzientzia zelatatzeaz gain, gizakien arteko botere banaketa gainbegiratzen dute. Gizakiongandik gertuago egon arren, hierarkia honetako aingeruek ere ez dute beraiekin harreman zuzenik.

Azken hierarkia Printzerriek, Arkanjelu edo Goiangeruek eta Aingeruek osatzen dute. Hauek gizakion gaien arduradunak dira. Printzerriak, adibidez, herrialdeen zaintzaileak dira; herrialdeoi eragiten dieten gertakariak kudeatzen dituzte; politika, gai militarrak eta merkataritza barne. Arkanjelu edo Goiangeruakak Printzerriak baino gertuago daude gizakiongandik, eta ahalegin handietan laguntzen diete; dela dragoiak hil, enperadoreak koroatu edo zuek edo nik inoiz egingo ez dugun beste edozein lan heroikotan.

Eta heroiak ez garenontzat, herri xeheari eguneroko zereginetan laguntzeko alegia, Aingeruak daude. Eta beraien artean aingeru begirale, guardako zaintzaile edo jagoleguardako aingerua, gutako bakoitzaz arduratzen den aingerutxoa. Zeruko antolamenduaren kontraesanak: letra larriz idazten diren aingeruak, zeruko aingerurik xumeenak dira!

Eta hau da hasieran agindutako laburpentxoa. Suposatzen dut zuetako gehienoi ergelkeria irudituko zaizuela, baina ni ez nator uste horretan zaudetenokin bat. Aitzitik, zeruaren antolamenduaren berri izateak izugarri kontsolatu nau, zeren gure gizartearekin alderatu ondoren, honako ondorio zuzena atera dut: aingeruak bezala bizi gara. Bai, lagunok! Aingeruen eta gizakion munduek antza handia daukate: klase sozialetan banatzen dira, beraien kideak babesten dituzten pertsonaiak hierarkia baxuenetako agintariak dira, kide horien eta benetan gobernatzen dutenen arteko aldea ikaragarri handia da…

Eta, hori gutxi balitz, egoera eta sistema usteldu horiek eraldatu nahi dituztenen etorkizuna infernuan dago, dela Luziferrena zeruaren kasuan, dela boltxebike deabruenena lurrekoarenean. Frogatuta dago, beraz: hemen lurrean, ia zeruan bezala bizi gara. Zeruan bezain zoriontsuak edo zeruan bezain izorratuak; baina, nolanahi ere, zeruan bezala.

Horregatik guztiarengatik, atzo ikasitakoak izugarri lasaitu nau, zeren aurtengo ardurak itotzear ninduen (gogora ezazue: hauteskunde urtea da hau!) eta, aingeruen sailkapenaren berri izan dudanetik, ordura arte erretzen ninduten zalantzak bost axola zaizkit. Berdin zait ahal dugun ala ez, zein mailako hiritarrak garen, arrosen usaina krabelinena baino atseginagoa ote den, kaioek putreek baino hegaldi dotoreagoa daukaten, edo kirtenkeria horiek guztiak baztertzeko indarrak bildu ahal izango ditugun.

Atzodanik, nire lagun Dionisioren irakaspenei esker, badakit aurten dagoeneko hautatu ditugunak Aingeru arruntak direla edo, asko jota, hasieratik galdutako batailetan lagunduko diguten Arkanjeluak. Eta azaroan, kontrakoaz konbentzitu nahi gaituzten arren, gauzek ez dutela hobera joko eta politika, gai militarrak eta merkataritza balantza zuzentzen saiatuko den Printzerri ezgauza aukeratuko dugula.

Zeruko izakiak denak, bai, baina hirugarren hierarkiakoak: lurreko pariez arduratuko diren zeruko pariak. Ahalegintzen bagara ere, gure botoak ez dira goiko hierarkietaraino iritsiko, zeren betebeharren betetzea zaindu, jaiotza eta heriotza kontrolatu, eta boterearen banaketaz arduratzen diren bigarren hierarkiako aingeruak ez baitira hauteskundeetan aukeratzen. Ezta argia eta izarrak zaintzen dituzten, edo Jainkoa aholkatzen duten lehenengo hierarkiakoak ere. Horien hautaketa, zer esanik ez, ez dagokigu guri; Jainko orojakile eta ahalguztidun batek nahierara aukeratzen ditu, Jehova edo Merkatu izeneko Jainkoak hain zuzen ere, eta bere eskuinean esertzen ditu zerua eta lurra kontrola ditzaten.

Zuek, agian, bazenekiten baina ni atzo jabetu nintzen: gobernatzen gaituztenak ez dira lurreko izakiak, Suitzan omen dagoen paradisukoak baizik. Han bizi dira Pseudo Dionisio Areopagitak  “De coelesti hyerarchia” idatzi zuenetik. Eta, gure gustuko izan ala ez, han biziko dira “per omnia saecula saeculorum”. Amen.

Egilea: Euskaldunberria
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude