AIREA SALTZEA, NEGOZIO ESKASA

Twitter2001ean, Telefonika konpainiak Terra Internet-ataria –alegia, zeukan bandera-ontzia– merkaturatzea erabaki zuen. Esne-mamitan geunden garai hartan, eta burtsan azaltzen zen edozein “puntucom” enpresak erraz lortzen zuen “parket”eko lehenengo postura igotzea. Konpainia horiek ez zuten inongo lotsarik akzioei edozein salneurri jartzeko unean, salerosketak bermatuta baitzeuden.

Baina, Telefonicaren harribitxiarekin ez zen gauza bera gertatu. Hasiera batean, merkatuak modu onean jaso zuen atariaren akzioen irteera, baina segituan hasi ziren gorabeherak, eta horrelako egoeretan gertatu zitekeen okerrena gertatu zen: zalantzak merkatuaren jabe egin ziren. Ezaguna da hurrengo urteetan gertatukoa. Prezioen gainbehera sekulakoa izan zen eta azkenean Telefonikak euro baten truke erosi zuen hasiera batean 100 eurotan saldutakoa. Hastapenetan negozio garbia zirudiena beranduago hutsaren hurrengoa bihurtu zen… batzuentzat.

Orain, Twitter-ekin antzeko zerbait gertatzen ari da. Bolo-boloan dabiltzan enpresetako bat denez, une jakin batean egin zen akzioen burtsaratzea izugarrizko aukera ona izan zen. Artekariak jo eta su lehiatu ziren etengabe igotzen ziren akzioak merkatuan paratzeko. Baina, historia egoskorra da, eta, gure aitona-amonek esaten zuten bezala, igotzen den guztia azkenean jaitsi egiten da; eta txioen enpresa ez zen salbuespena izan. Arazoak hasi ziren: eragozpenak publizitatea saltzeko, zailtasunak erabiltzaileen kopurua handitzeko eta erabiltze horien informazioa saltzeko…

Egun, Twitterrek komeriak ditu finantzazio-iturri berriak lortzeko. Horregatik erabaki dute enpresaren % 40 saltzea bere kontuak sendatzeko, eta etorkizuneko egitasmoei ekiteko. Dena den, helburu hori ez da erraza izaten ari. Hasierako ehuneko hori erosteko zeuden hiru hautagaietako bik (Google eta Disney) atzera egin dute; eta lehian gelditzen den bakarrak, Salesforcek, ez du gehiegizko konfiantza sortzen Twitterren buruzagiengan. Iraganean Mitocondrial Systems enpresarekin egin zuena sona handiko eragiketa izan zen. Konpainia hori saldu zuen modua, erosi eta zatitu ondoren, ez da aurrekari ona deritzona. Ikusteko dago zer gertatzen den txoritxoaren sare sozialarekin; zeruertzean hodei mardulak antzematen dira.

Andres Martínez

Egilea: KomaHantxe
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude