“Akaberako poesia amodioaz eta gaitzaz” Lois Pereiroren olerki liburua

akaberako-poesiaOlerki liburu eder bati buruz idaztera nator gaurkoan. Uda ez doa inola ere eguzkitsua, eta niri, zeru lainotu hauek poesia tristea irakurtzeko gogoa sortzen didate. Eta aukeratu dudan liburua ere, zeru lainotua eta lur hezea bezalaxekoa da; poesia galegoa izan ohi den modukoa. Lois Pereiro olerkari galiziarra dugu egilea, bere belaunaldiko ardi beltza izan zena haren lana aztertu dutenen ustez. Zortzi urte dira hil zenetik, eta orain hasi dira omenaldiak. Gazterik hil zen arren, ia hamar bat liburu utzi zizkigun; lan aberats eta oparoa inondik ere. Haren olerkiak, gordinak eta alferrikako apaingarririk gabeak direla esan izan da.

Eta halaxe da, hautatu dugun liburu honetan; “Akaberako poesia amodioaz eta gaitzaz” ederki asko ikusten da bere gordintasuna, eta maiz, gogortasuna ere. Argitalpen elebiduna dugu, jatorrizko galizieraz eta euskaraz idatzia. Joxemari Sestorain leitzarrak itzuli du lan hau (Denonartean argitaletxea 2013), gure ustez bikain itzuli ere. Manuel Rivas idazle galiziarraren hitzaurrea dakar bertan, bere belaunaldiko idazle eta lagunarena. Bigarren hitzaurrea bere anaia Xoxé Manuel Pereirok egina da.

Lois Pereiro ardi beltza izan zela aipatu dugu lehen, eta askorentzat poeta madarikatu ere izan da. Baina gaitzaz, minaz eta maitasunaz zein ongi idatzi zuen, denek onartzen duten kontua da. “Alerta e vixiante”/”Adi eta erne” poema (115. orr.) aukeratu dugu horren erakusgarri moduan. Goza ezazue!

He nacido dos veces, una de mi madre. Otra
de mí mismo. ¡Qué lucha, qué oscuridad, qué
escribir, hasta haber podido, ya nacido, nacer
otra vez y de mí mismo!
(…)
He cortado el cordón de mi memoria del
ombligo del pasado.
J.R. JIMÉNEZ

(moztu behar ote nuen? Edo nire denboraren joana
moztu behar ote nuen, odoletik zeridan garrasi
adiezin eta arriskutsuaren aurrean?…)

Adi eta erne

Bizitzak ez nazala harrapa inoiz
neutral, ezustean, isilik
eta segundo bat amore eman aurretik
beste norbait nintzeneko irudia ere doala nirekin
Barakaldo Errenteria Sestaoko keak
negu gorriak gorputz barrenetan eta burdina ezkoa
Nerbioiko itsasadarreko altzairuetan Ruhr-a gurutzaturik
Deutsche Bahnen trenetan Sankt Pauliko
haragia ukituz
kebab goseak Kreuzberg, libre paseatuz
mullastina vodka eta Pogo Hormaren itzalean
eraiste alternatiboa matxinada eraginkorrean
Burdinbide-loaren izerdi usain mikatza, goizeko
bostetan
bi eguneko eta bi gauko ospelekin metalezko lanjantzian
Pena Moa Carqueixo edo Bao minezko komunetan
herdoilaren
eta izuzko mila mailaren artean
hotzikara geruzak,
miseriaren gainean
banaka-banaka denboran iltzatu zizkigunak
materialen akiduraren gaineko arkitektoen gerra batean
eroriak
Borrokak segitzen du eta gutxiago gara eta ezberdinak
eta infernua sont les autres
gu ere bai
hainbeste porrot liburuetan, ariman eta ezkortasunez
eta hezetasun moralez egindako etxoletan
garaituen lizunarekin
Eta bazter-ebidentzien eta zaurituen
segizio sor bateko ikus-aztarnak nirekin doaz
ahaztu gabe bizitzak
irristan daramala bere labana aiher-kontra heriotza-ahoan
horretatik salbatzen saiatzan baikara egunero denok.

95eko abuztua

lois pereiro

 

 

 

 

 

Lois Pereiro.
Ruth Caramés-ek eginiko karikatura.

Egilea: E-lore
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude