Amaitu zaigu ikasturtea!

kurtsoamaieraIkasturtea amaitu zaigu lagunok! Beno, bihar bukatuko ditugu eskolak, eta oporrei begira jartzeko tenorean izango gara. Urrian ekin genion 2014/2015 ikasturteari, eta hain zuzen ere, oporrei buruz hitz eginez hasi ginen. Ikasturtean zehar eztarria zaindu nahirik, eta marrantez babestu asmoz, xarabea nola egin ere ikasi genuen urrian.

Zomorro jendeari buruz ere aritu ginen, izan ere, ikasgeletan landutako hainbat gai ekarri izan ditugu gure blog honetara. Lanak gerorako uzteari buruz, hau da, prokastinazio sindromeari buruz, ere idatzi genuen; ikasturterako asmo onak hartze aldera. Gai polemikoak ere sortzen dira noizean behin, eta Halloween Euskal Herrian izan ote zen aztertzen aritu ginen azaro hasieran. Neguko jaiei buruz ere egin genuen hausnarketa.

Hezkuntzarekiko dugun interes eta arduraren seinale, Barraskilo Hegalariak Arno Stern eta marrazkigintzari buruz idatzi zigun. Genetika kontu bitxiez ere aritu ginen, Pinpilinperpauxak etorri baitzitzaigun kimerismoa zer den azalduz.

Txangoa egiteko edozein garai da ona, eta horren froga azaroan Oriora oinez egindako txangoa. Haren ondoren beste batzuk ere etorri ziren: maiatzean Urdairara egindako txangoa, sagardotegirako urteroko txangoa martxoan, eta ikasturte amaierakoa; Eibarko Armagintza Museora eta Arratera egindakoa.

Antzerkia ikustera ere joan ginen; Zazpi aldiz elur ikustera, eta Mendira erakuskera ere ikusi genuen San Telmo Museoan. Kultura ekitaldiekin jarraituz, esan, Liburuaren Nazioarteko Egunean kalean ibili ginela, liburu artean.

Sukalde-kontuak, bai, badakigu zuetako asko sail honen jarraitzaile fidelak zaretela. Sukaldea eta sukaldaritza maite duen jendeari esker osatu ahal izan dugu geuk ere txoko hau. Aurtengoan, dilista lapikoa, barazki-quichea, txokolatezko tarta, entsalada aberatsa eta barazki pastela egin ditugu denon gozamenerako!

Gure blogari buruzko hausnarketarako ere izan genuen tartea, lau urte egitera goazen honetan zer ikasi dugun azaldu nahi izan genuen. Eta gure bloga bizirik dagoenaren adierazle, blogabogalari berria iritsi zitzaigun azaroan: Euskaldunberria. Aurtengoan hiru gai landu dizkigu: gure kostako paramoudrak, Inauteriak, eta aingeruak. Denak ere mamitsu askoak, bejondeiola!

Kantuan maiz aritzen garen seinale, Arrosarik ederrena kantuari buruz Debiak idatzi ziguna. Bitxiloreak hartu zituen mintzagai, berriz, E-lorek. Debiari eskerrak eman beharrean gara, izan ere, aurtengo blogabogalaririk oparoena bera izan dugu. Hainbat gai ekarri dizkigu aurtengo ikasturtean: Gabonak, animaliak, matxismoa, bidaiatzea, edo emozioen garapena. Guztiengatik, eskerrik asko Debia!

Irisarriko Maddiren berriak ere jaso ditugu aurtengo ikasturtean, iazkoan sarriago egin zigun bisita, aurten makal antzean ibili delako, baina edonola ere, estimatzen diogu ahalegina.

Urte berriarekin asmo berriak zerrendatzeko lana hartu zuena Oihana izan zen. Urtea erdi pareraino iritsi zaigu, baina ez dakigu zenbat beteko ote zituen. Aberastuz gero, ikasturte amaieran angulak jango dizkigu akaso!

 

 

 

Egilea: Mitxoleta
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude