Angula

angulakAngula edo txitxardinari buruz idatzi nahi dut gaurkoan. Izan ere, San Sebastian eguna hurbiltzen ari zaigularik, zuetako bakarren bat izango da angulak erostekotan. Orain “merke” omen dauzkagu, aurreko urteekin alderatuta bai, merkeago bai, baina inola ere ez merke!


Arrain ñimiño honen jatorria Sargazoen itsasoa da, eta handik, hiruzpalau urte dituenean iristen da Euskal Herrira. Oria itsasadarreko ertzetan harrapatzen da, batez ere, itsasgoran. Ihes egiten dutenak beren jatorrira itzultzen omen dira aingira bihurtuta. Angulak zuri-zuriak edo gris-zuriak direla uste du jendeak, baina itsas uretan zuriak dira, eta haztegian beltzak. Hori bai, etxean edo haztegian, uretan tabakoa irakiten jarriz hiltzen dira.

Luxuzko jaki hau San Sebastian bezperan egon ohi da bere preziorik gorenean, beste hainbatentzat berriz, bisiguaren ordez Gabonetan jateko jakia da. Harrapaketa garai naturala luzea izan ohi da, azaroa eta apirila bitartean. Blog honetantxe idatzi genuen Dibina Lanberriri buruz, eta berak oso ederki azaltzen zizkigun ogibide honen inguruko xehetasunak. Orioko emakume angulazalea dugu bera, eta Iban Egigurenek bere bizitza jaso du dokumental gomendagarri batean.

Gastronomiaz dakitenen esanetan, ezer gutxi dago angulen ahogozo eta leuntasuna baino finagorik. Berezkoa duen dohain hau nabarmentzeko nahikoa da baratxuriz eta piperminez bizigarritutako olio errea. Besterik ez du behar. Angulak baratxuritan lurrezko kazolan jaten dira. Hala ere, beste prestaera batzuk ere baditu: tortillan, zopan edo entsaladan. Edateko berriz, txakolina du lagungarri onenetakoa.

Aginagan eta Bilboko itsasadarreko Islan harrapatutakoak izan dira ospetsuenak. Hala ere, Deban, Sasiolan eta Urolan, Beduan ere gutxi, baina onak hartu izan dira. 80.eko hamarkadan izugarri gutxiagotu ziren, espeziearen biziraupena arriskuan ipini zen. Orduan asmatu zen txitxardinaren ordezkoa, “gula” deiturikoa. Angularen zaporerik ez badu ere, forma, kolorea eta zaporea angularenak ditu, eta oso antzeko jakia dugu. Duela bederatzi urteko elkarrizketa honek ederki adierazten digu zer nolako egoera bizi izan zen.

Gure mugetatik kanpo, Bretainian, esate baterako, zizare honi halako estimazioa geniola jakin arte, simaurra eta pentsuak egiteko erabiltzen zuten. Bestalde, gaur egun munduko angula erosle handiena Txina da. Arroza garbitzeko erabiltzen dituzte arraintxo hauek, landare belarkara honek dituen parasito guztiak irensten baitituzte. Gainera, aingira bihurtuta, bere balioa handitu egiten da. Txinatarrek, eta baita japoniarrek ere, oso gustuko dute. Eta donostiarrek, zer esanik ez!

angulakbizirik

 

 

 

Angulak, bizirik

Egilea: Mitxoleta
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude