Ardi-mihi, uraza beltz, barazki eta intxaur entsalada, saltsa berdearekin

entsaladaBlogabogaren jarraitzaile fin batek esan digu, apaldian errezeta gutxi ari dela ikusten gure blogean; eta gehienetan gozogintzakoak izaten direla. Bai, arrazoi duzu jarraitzaile fin horrek, gozozale amorratuak gara. Zer egingo diogu ba! Baina entsaladazale ere bagara, eta udaberri epela (edo erdi epela) etorri zaigunez; gaurkoan, entsalada goxo bat nola prestatu erakustera gatoz.

Izan ere, giroa epeltzen hasitakoan gorputzak entsaldak, edo jaki gordinak, eskatzen dizkigu. Eta maiz, betiko entsalada egiten dugu; konplikazio handirk gabea. Beno, ba entsaladazalea eta, horretaz gain, berrizalea bazara, apuntatu honako hau:

OSAGAIAK:

– Bi katilukada ardi-mihi– Bi katilukada uraza beltz
– Bi azenario
– Erremolatxa ertain bat
– Dozena bat errefautxo– Katilukada bete intxaur
– Oliba olioa, 1. presiokoa eta ekologikoa
– Limoi baten ura
– Gatza

SALTSARENTZAKO OSAGAIAK:

– Bi katilukada ardi-mihi
– Bi katilukada uraza beltz
– Aguakate bat
– Makadamia intxaurrak, katilukada laurdena (aukeran)
– Koko lehor xehetua, hiru goilarakadatxo

PRESTAKETA
– Lehendabizi labea berotzen ipiniko dugu, 220ºtan.
– Azenarioak, erremolatxa eta errefauak zati txikitan zatituko ditugu.
– Labeko erretilua olio pixka batekin igurtzi eta barazkiak bertan ipini.
– Barazkiei oliba olio, limoi ur eta gatz nahasketa botako diegu; guztiak ongi bustiz.
– 220ºtan edukiko ditugu ordu erdiz.
– Bitartean ardi-mihia eta uraza beltza garbituko ditugu, eta entsalada ontzian ipini.
– Labetik ateratako barazkiak hozten utziko ditugu, ordu laurdenez edo. Eta entsalda ontzian ditugun osagaiei gehituko dizkiegu.
– Intxaurrekin apainduko dugu entsalada.
– Entsaladaren aldamenean, saltsa berdea ipiniko dugu; entsaladaren zaporea indartu nahi duenarentzat edo entsaladekin asetzen ez diren apetitu handikoentzat!

SALTSA BERDEAREN PRESTAKETA

– Ardi mihi eta uraza beltz garbituak irabiagailuaren ontzian ipiniko ditugu, apur bat zapalduz.
– Aguakatearen mamia gehituko diegu, eta ongi irabiatu.
– Koko lehorra gehituko diogu nahasketari, ukitu exotikoa izateko.
– Ore trinkoagoa, eta betegarriagoa, nahi izan ezkero makadamia intxaurrak gehituko ditugu, eta irabiagailuarekin ongi txikitu, ore leuna egin arte.

On egin!

 

Egilea: E-pistola
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude