Arno Stern, edo nola marrazkiak ikusteko nire moldea aldatu egin den

arnosternArno Stern, hasteko, eskerrak eman nahi dizkizut, ez zaitut ezagutzen, baina Olentzerok zuk idatzitako liburu bat ekarri zidan, eta geroztik nire begiak aldatu egin dira. Bai, begirada aldatu egin zait, eta nire begiak ere aldatu egin direla esango nuke. Liburua gazteleraz dago, eta nik euskaraz idatzi nahi dut gai honi buruz, euskal irakurleari hurbiltzeko, eta itzuli behar genukeela eskatzeko.

Izan ere, gai oso interesgarria da liburu honek lantzen duena. Haurrek egiten dituzten marrazkitxoetatik abiatu, eta sekulako lanketa sakona egiten du; gizakiak irudien, koloreen, eta adierazpide plastikoen bidez, barruan duena nola adierazten den, nola egituratzen den, zer dagoen gure barrunbe horietan…

Arno Stern, Alemanian jaio zen 1924an. Bere gurasek Frantziara egin zuten ihes 1933an, nazismoak gogor jotzen zuen garaian. 1946an, gerrako umezurtzekin egin zuen lan Arno Stern-ek, errefuxiatu gune batean umeentzat eskulan tailerrak eginez, hain zuzen ere. Han sortu zitzaion umeen lan artistikoekiko jakin-mina. Behaketa eta hausnarketa zalea zen Stern, berezko dohaiak zituen, eta umeek barrua askatzeko beharra zutela ikusi zuen, barruko mina nola adierazten zuten aztertzen hasi zen. Umea ez zela sortzailea, hori izan zen bere ondorio nagusiena, bere adierazpidea sorkuntza baino askabidea zela ikusi baitzuen errefuxiatu gune hartan. Honekin, garaiko artista eta psikiatrak kontra jarri zitzaizkion, eta egun ere, baditu aurkariak.

Haurren kolore, marra, arrasto eta irudikapenak biltzen eta behatzen igaro zuen bizia. Teoriak ondoren etorri ziren, baina hasierako urteetan bata txuriak zakarrontzira botatzea izan omen zen bere eginkizunik ohikoena. 60. hamarkadan Frantziatik kanpora irteteko beharra sentitu zuen, eta munduan zehar umeek nola marrazten zuten aztertzeari ekin zion. Desertuak, sabanak eta ohianak igaro zituen; gure mundu garaikide modernotik at zeuden gizaki taldeak aztertu nahi zituen, haien haurren egindako marrazkiak nolakoak ote ziren jakin nahi zuen. Bere teoriak oso hankamotz geratuko baitziren bestela.

Gure begia, europarren begia, aurreritziz josia dagoela ikusi zuen lehenik. Haurren marrazkiak ikusteko dugun modua oso baldintzatua daukagula, alegia. Hezkuntza bera nola ulertzen dugun, hori ere auzitan jartzeko beharra ikusi zuen berak. Helduok umeari “laguntzeko” dugun beharraz idatzi zuen, hau da, umeak “ongi marrazten ez dakienez” guk, laguntzeko gogoari eutsi ezinda, “marrazten ikasten laguntzen diegu”. Kakotxa artean jarri ditut esaldiak, Stern-ek berak horrela azpimarratzen dituelako liburuan gure aurreritzi eta juzkuak. Ongi eta gaizki zer dagoen oso barneratuta daukagula ikustarazi nahi izan zigun, eta estetikaren eredu bat ontzat ematen dela, eta beste asko baztertu. Adibide bat, eguzkia ongi marrazten “asmatzen ez duen” umeari ez al diozue sekula izpiak egiten lagundu?

Eta bukatzeko, funtzio soziala. Umeak “ongi” marrazten ikasten duenean, hor hasten gara presaka, ikastolan eta etxean, marrazkia erakutsiz: “bai ongi marrazten duela gure txikiak!”. Polit eta eder, arrazoitik gertu, eta prozesu sortzaile eta poetikoa galduz, horrela irakatsi izan digute marrazten; eta horrela ari gara geu ere marrazten irakasten.

 
arnostern2

Egilea: Barraskilo hegalaria
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude