Arrain zopa egiten

arrainzopaArrain zopa, zopa eder askoa, bai horixe! Eta onena norena? ” Gure amak egiten duena”, entzungo zenuten behin baino gehiagotan, ez al da hala? Beno, ba norberaren amarena alde batera utzita, gaur Javier del Val ikaslearen errezeta hau ekarri dugu gure blogera. Berak ere bai baitaki ederra egiten!

OSAGAIAK

2 litro fumet
500 gr. itsas zapoa, legatz edo antzeko arrainen bat
200 gr. ganba (24 ale)
300 gr. txirla (24 ale)
tipulin bat
2 porru
2 azenario
4 baratxuri ale
150 gr. zopako ogi
1/4 litro tomate saltsa
kopatxo bat ardo txuri
3 kopatxo cognac edo armagnac
oliba olioa

PRESTAKETA
Lehendabizi fumet-a egingo dugu. Zer den fumet-a? Arrain zoparen oinarria, arrainak egosita egiten den lehendabiziko zopa zuriska. Horretarako itsas zapoa, legatza edo antzeko arrainen bat hautatu behar dugu lehenik; gero ganbak eta txirlak gehitu, eta ordu erdiz irakiten eduki.

Arrainak iragazi ondoren tipulina, porruak, azenarioak eta baratxuri aleak gehituko dizkiogu fumet-ari, zatituta, eta egosten edukiko ditugu hogei minutu inguru. Egositakoan, irabiagailuarekin ongi txikituko ditugu, eta oliba olio zorrotada bat gehituko diogu.

Bestalde, ganba buruak eta arrain azalak kendu, eta zartaginean pixkanaka egingo ditugu. Ondoren, arraina ongi xeheturik eta ganbak zurituta, fumet-ari gehituko dizkiogu, eta ardo txuria ere une honetan gehituko dugu. Ordu laurdenean eduki su baxuan.

Gero zopakoa (ongi zatituta), tomate saltsa eta cognac-a edo armagnac-a gehituko ditugu lapikora. Estalkia ipini, eta su ertainean egosi beste hogei minutuan.

Zartagina hartuko dugu berriro, eta oraingoan txirlak berotuko ditugu bertan, ireki artean. Guztiak irekitakoan, lapikora gehituko ditugu.

Ordu laurdenean egonean utzi, eta ON EGIN!

Egilea: Legazpi6
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude