Arrosarik ederrena

arrosazoragarriaArrosa eder bat hemen, alboan, ipinita hasi naiz gaur. Negu giroko eguraldi usain handiegia daukagu arrosak loratzeko, hala ere, bai ezta? Bai, hala da, baina niri arrosa usaina ekarri dit aste honetan ikasleekin landu dugun abestiak: Arrosarik ederrena kantuak, hain zuzen ere. Niko Etxart ta bere aita Dominikaren kanta on bat, Eperra diskotik hartua.

2004. urtean grabatua da kantu hau. Niko Etxart (Altzürükü, Zuberoa, 1953), bere aita, Dominika Etxart, eta suhi Robert Larrandabururen ahots finaren laguntzarekin. Grabazioa Kilikas estudioan (Altzai, Zuberoa) egin zen, soinu teknikaria, Niko Etxart bera zelarik.

Dominika Etxart (Altzürükü, Zuberoa, 1933 – Oloroe, 2012ko martxoaren 16a) euskal herri-kantaria izan zen. Bere bizitza osoan bere jaioterriari, eta zubererari sekulako atxikimendua izan zien. Erdi galduak ziren Zuberoako herri kantuak berreskuratzen lan aparta egin zuen.

Hiru seme-alabetan Niko izan zen Altzürükün jaiotako bakarra, urtebete zuela gurasoekin Parisera joan baitzen. Dominikak 21 urterekin hartu zuen Frantziako hiribururako bidea. Han 37 urte egin zituen lanean, 1955etik 1992ra, eliza handi bateko sakristau modura. Niko Etxart semearekin ere kantari ibili zen, Parisen bizi izan bazen ere. Hiriburuko Euskal Etxean herri kantak, eta berak sortutakoak ere eman ohi zituen, musika tresnarik gabe beti ere, zuberotarrek egin ohi duten moduan.

Erretiratu eta Zuberoara itzuli zelarik, herriz-herri egin zituen kantaldiak bere seme Nikorekin, eta suhi Robert Larrandabururekin batean. 2004 urtean, era herrikoiaz moldaturiko kantez osatu zuten “Eperra” izeneko diskoa, eta guk bertatik hautatu dugu “Arrosarik ederrena” kantu bikain hau.

Eta abestu nahi duzuenontzat, hona hemen letra:

Liliak maite ihintz freska nik aldiz neska eijer bat
Haren parerik enetako ez da mündü güzian bat
Entzün gabe botz ezti hura igaraiten badüt aste bat
Ene bihotzean senditzen düt tristüra ikaragarri bat.

Arrosarik ederrena zü zira ene maitea
Zure da ene bihotza bai eta nizan güzia.

Lür hontan lilik ederrena zü ene xarmagarria
Izarñi baten pare zira eni argi egilea
Zuri hüilantzen nizanian peaz gora düt zentzüa
Maitarzünezko indar batez oso hartürik trenpüa.

Neskatxa paregabekoa egiten deizüt kortea
Oi! zurekin bizitzea nüke ene aiho handia
Egúndanik bai emadazüt otoi zure eskü eztia
Algarrekin egin dezagün lür hontako bidajea.

 

 

 

Egilea: Debia
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude