Halloween, gure artean ere bai?

gababeltza2014Urri amaierarekin batera, eta Domusantu bezperan, hemen dugu Halloween ate joka. Eta izena entzun orduko sortzen da eztabaida: jai berri hau ez dela gurea, kanpotik ekarria dela, amerikarkeria bat gehiago eta horrelakoak.
Baina bada jaiaren alde egiten duenik ere, geurea ere badela esanez, eta hori entzundakoan, bat-batean, halako isiltasuna sortu da gelan. Nola? Halloween gurea ere badela? Non ordea?
Azalpena luzea izan daiteke, izan ere, gai honen hariei tiraka hasi, eta agortzen ez den iturri sakona aurkitu dugu.
Mutrikun eta Zumaian egingo dugu geldialdi bana, presta zaitezte post beldurgarrirako!

Halloween Euskal Herrira heldu dela esan dezakegu; Iparraldera lehendabizi eta Hegoaldera ondoren. Saltoki handietan erakusleihoak eta apal luzeak mozorro eta tamaina guztietako plastikozko kalabazez beteta ikusiko ditugu. Eta bai, bihar gauean, Estatu Batuetan bageunde bezala, haur eta gaztetxo asko hasiko da eskean etxez etxe, AEBetako telesaioetan bezala. Litxarreriak eta txanponak eskatuko dizkigute, eta eman ezean, bihurrikeriaren bat jasateko arriskua dago.

Halloween Domusantu bezperan ospatzen da esan bezala, eta ingeles zaharreko “all hallows’s eve” ospakizun zaharretik dator. Zeltek Samhain, heriotzaren jainkoa, urriaren 31ko gauean gurtzen zuten. Intxixu zeltek, Druidek, jainko haren haserrea baretzeko opari ugari egiten zizkioten: uzta-aleak eta animaliak erretzen zituzten haren omenez, baita gizakiak ere. Bestalde, zeltek ere bazuten ohitura janariak uzteko etxe atarietan, jainkoek, nahi izatera, beren gosea asetzeko.

Gure artean, gehienontzat, kultura arrotz baten ezarpen bat gehiago da jai hau. Kristauentzat berriz, kutsu paganoegia duen ospakizuna dugu ospakizun hau. Horien ustez, Santu guztien eguna da ospatu behar dena eta ez Halloween. Bestalde asko eta askok, drakula, banpiro, sorgin eta tankera horretako mozorroak ere ez dituzte inolaz ere gustoko.

Edonola ere, hasieran esan dugun bezala, gure artean Halloween ez izendatu arren ospatzen da gau hau. Bestelako izenak ditu, Mutrikun Gaba beltza. Idatzi honen hasieran ipini dugu aurtengo egitaraua. Frankismo garaian galtzekotan egon zen jai pagano hau, baina, Mutrikuko zaharrenek Santu Guztien besperako gauean zer nolako bihurrikeriak egiten zituzten ondo gogoan daukate.

Batzuek urriaren 31ean zela diote, gehienak azaroaren lehena dute gogoan eta bada 2a aipatzen duenik ere. Egun batzuk lehenago inguruko baratzetan kalabazak lapurtzen zituzten, gero hustu eta barruan kandelak sartzeko. Kalabazak atarietan-eta jartzen zituzten. Kanta bat ere bazen horren inguruan: “Xesteron kontra, animen alde…” (badirudi, Xestero Mutrikuko ehortzailearen izena zela). Mota honetako ospakizuna, XX. mende hasierako urtetan egiten zela behintzat badakigu. Gaur egun, udalak eta herriko gazte koadrilek jai egitarau oparoa antolatzen dute, eta herriko gaztetxoak alde batetik bestera ibiltzen dira jendea beldurtzen.

Mutrigaba02JPG.jpgHerritarrei eta inguruko herrietatik etorriko diren bisitariei beltzez janztea eskatzen diete Gaba Beltza antolatzen dutenek, helburua giro iluna mantentzea izaten delako. Gaur hasi eta larunbata bitartean, kontzertuak, beldurrezko filmak, umezurtztegi zoroa, beldurrezko kalejirak, eta Talaixako mamuaren erreketa topatuko ditugu egitarauan. Iazko jaiaren kronika eta argazki bikainak , L. Susaetaren blogean daude. Zeharo txundituta utzi naute!

Zumaian kalabazekin baino arbiekin jolasten zuten, eta hemen ere, aldamenekoa beldurtzea eta izutzea zen asmoa. 2002an EITBko telesaio batetarako elkarrizketa egin zieten Celia eta Auria Egaña ahizpei, eta bertan kontatzen dute nola ibiltzen ziren jolasean. Arbiak hustu, burezurrak egin, kandelak barruan sartu, auzokoari atea jo eta ospa! Dibertigarria zeharo, ezta? Eta haiek baino zaharragoek ere egiten zutela diote, baina gero jaia galtzen joan dela.

Eta zuk? Ospatzen al duzu Halloween edo Gaba Beltzik?

 

 

Egilea: Pintto
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

2 erantzun Halloween, gure artean ere bai?-ri

  1. egilea: Garbiñe Larrea

    Oso interesgarria iruditu zait zuen artikulu hau. Ahotsak.com webgunean egin duten beste hau ekarri nahi dizuet, zuenaren haritik, interesgarri izango zaizuelakoan:

    http://www.ahotsak.com/albisteak/nork-esan-du-halloween-euskal-ohitura-zaharra-ez-d/

  2. ainaralopez@hotmail.es' egilea: Ainara López

    Aintzinatik, urtean gau berezi bat ospatzen da difuntuen eta arimen alde. Heriotzak beldurtzen du gizakia. Horregatik, hainbat ospakizun egiten da urtean zenbait egunetan, urriaren 31n, azaroaren 1ean edo 2an.
    Leku batzuetan, egun horietan, jende hilherrira joaten da loreak edo beste gurtza batzuk uzteko difuntuentzat. Beste lekuetan, beste forma desberdinetara ospatzen dituzte jai hauek baino modu berdinean.
    Esan behar da, merkatuak jai honekin zerikusia daukala. Jendeak gauzak erosten ditu hilherrira eramateko, adibidez, loreak, janaria…eta festa antolatzen badu, gauza gehiago erosiko du. Merkatuaren menpe gaude. Eta gainera, pertsonei asko gustatzen zaie festa egitea.
    Era berean, gure herrira hainbat jende atzerritara etorri da bizitzera, eta nire ustez, nahiago dute bere festa bere modura ospatzen.
    Bukatzeko, festa ospa dezakegu gure modu gustukonera, baina, seguru aski, merkatuak erabakiko du modua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude