Barazki-quichearen errezeta

quiche2Joan den astean angulei buruz aritu ginen, eta igaro da San Sebastian, igaro da jai handia; eta gu lehengo moduan, kutixia gosea ase ezinik! Barazki-quiche goxo honen errezeta ekarri dizuegu gaurkoan, merkea eta osasungarria inondik ere!
Gure artean gisa honetako opilak gozoak izan ohi dira, sagar-tarta dugu ezagunena, baina gaziak ere egin daitezke.


Egiten erraza, aukera anitz onartzen dituena, etxetik kanpora goazenean eramateko aproposa, eta etxeko otorduetan ere oso plater jantzia eta ederra dugu quichea. Honakoa egiteko perretxikuak, tipula eta pinaziak aukeratu ditugu. Rokefort gaztak berriz gazi kutsu ederra emango dio. Zapore nahasketa egingo dugu, baina emaitza ezinhobea izango da; probatu bestela!

OSAGAIAK

– Ore hautsia, erosia edo geuk egina (geuk egiteko 300 gr. irin erdi-integrala, 125 gr. gurin, – 70 ml. ur eta gatza nahastu)
– 300 gr. perretxiku (aukeran, barrengorriak edo onddoak)
– 2 tipula handi
– 3 arraultza
– 250 ml. esnegain (sukaldatzeko esnegaina)
– 100 gr. gazta (50 gr rokefort y 50 gr beste gazta leunen bat)
– 50 gr. pinazi
– gatza eta piperra

PRESTAKETA

1. Ore hautsia egingo dugu (ego erosi), ongi eragingo diogu, ore leun eta berdindua lortu arte. Labeko erretiluan labeko papera ipiniko dugu, eta honen gainean orea txukun zabalduko dugu. Trikimailu txiki bat: une honetan berotu bat emango diogu oreari, hamar minutu edo.
2. Tipulak julianan zatitu, gazitu eta olio apur batekin erregosi egingo ditugu; 20 minutu nahiko izango ditugu.
3. Perretxikuak zatitu eta tipulari gehitu, erregosi hauek ere.
4. Tipula eta perretxikuak egindakoan, pinaziak gehitu eta ongi eragin, osagaiak ongi nahastea garrantzitsua da.
5. Ontzi batean, arraultzak, esnegaina eta bi gazta motak nahastuko ditugu. Ongi nahastutakoan gatza eta piperra gehituko dizkiegu. Irabiagailu indartsu batekin askoz hobeto!
6. Erretiluan dugun orearen gainean barazkiak ipiniko ditugu lehenik, ondoren ontzian egin berri dugun beste ore zuriska.
7. Labean eduki 180ºtan, 20 eta 25′ artean. Itzali eta beste ordu laurden utzi, atea itxita.
8. Egin berria, epela, mahairatu dezakegu edo hozten utzi; nahi den bezala.
9. Entsaladarekin batera jatea aholkatzen dizuegu, oso ongi ezkontzen dira.

On egin!

barazkiquiche

Egilea: Pintto
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude