Berbena famatzen

berbenaBerbena, edo ihitzi belarra, urrezko aitzurrarekin jorratu behar litzatekeela dio esaera zaharrak. Ederki adierazten du esaera zaharrak gure artean izan zaion estimua norainokoa den. Gaur arratsaldean egin diot aldamenean duzuen argazkia, urte garai honetan indarrean dagoela ikus dezazuen.

Sendabelarren artean famatuenetakoa berau izango dugu, eta ezagutzen erraza, gure artean oso arrunta baita. Berez, verbena genero botaniko barruan 250 espezie inguru zenba ditzakegu baina verbena officinalis delakoa dugu sendabelarra. Gure artean ez ezik, Europa osoan ere ezaguna da; zelten artean landare sakratua dugu esaterako. Bide bazterretako belar arrunta da askorentzat, eta ez du estimazio handirik izan. Baina, ezagutzen duenak, eta are gehiago erabiltzen dakienak, famatu besterik ezingo du egin, zalantzarik gabe.

Deskribapen labur modura, esan, berbena arruntak zurtoin tentea duela, eta lore txiki more-argiak, gerbatan bilduak. Udaberri amaieran hasi, eta udazken amaiera bitartean izaten da bizi eta indartsu. Garai honetan bilduko dugu bere onura guztiez baliatzeko.

Sendabelarra dugula esan dugu, eta modu anitzetara erabili izan da sendagintzan. Ezagunena enplastoa zalantzarik gabe, arraultzaren zuringoarekin batera nahastu, eta anginak, gaiztoturako zauriak, zuldarrak, eta zorneak gorputzetik erauzteko oso aproposa. Tamainan erabilita, hala ere, egun biz behin, eta ordu pare batez ipiniko dugu.

Zorneari erasotzeaz gain, gure umorea hobetzeko ere balio du. Maila psikologikoan ere bai baitu eraginik berbenak, gorputza erlaxatzen du eta estresa gutxitzeko ona da. Erromatarrek horretarako erabiltzen zuten, malenkoniaren kontrako erremedioa zen haientzat. Tentsioa jaisten du, eta infusioa hartzen den bitartean tentsioa kontrolatu behar izaten da. Gure amonek odola mehetzen zuela esaten zuten, eta egia da, odoleko koipeak bere onera ekartzen dituelako. Kontuz hartu hala ere, gehiegi hartuz gero kalte egingo digulako, eta gaixotu egin gaitezkeelako. Farmazilari edo naturistari galdetu tratamendua hasi aurretik, badaezpada.

Zauriak aipatu ditugu lehen, eta enplastoak, baina ukenduak egiteko ere arrunt aproposa da. Pasmo-belarra, zaingorria, intxusa, azeri buztana, San Juan lorea eta osinarekin batera makina bat ukendu egiteko erabili izan da; San Juan ukendu ospetsua egiteko adibidez.

Arnasbideetako gaixotasun guzti-guztietarako dugu aproposa, bai xarabeak egiteko, bai infusioan hartzeko. Horretaz gain, ahoko zauriak ongi ixteko, eta oinetako onddoak garbitzeko ere egokia da. Beti ere, gorputza asko eta sakon garbitzen du, gibela eta giltzurrunak batez ere. Bakoitzari dagokion tamainan eta egunetan hartuta soilik, lehen esan bezala arriskuak badituelako (tentsio gorabeherak, odola ahultzea, hipotiroidismoa, desmineralizazioa etab.).

 

 

Egilea: Ilena
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude