Bidaiatzea, bizi beharreko esperientzia

bidaiatuzAsko gara noizbait bidaiatu izan dugunak. Batzuk Europan zehar, beste batzuk Amerika edo Asia ezagutzeko aukera izan dute etab. Anitzak izan daitezke bidai horiek egiteko arrazoiak. Oporrak ez ezik, badira ikasketekin jarraitzeko, hizkuntza berriak ikasteko joan direnak, edota atzerrian lan egin nahi dutenak ere. Baina horietaz guztietaz gain, badira bolondres joaten direnak ere.

Hala eta guztiz ere, bidai horien guztien oinarrian esperientzia berriak bizitzearen nahiak egon beharko lukeela esango nuke. Azken finean, esperientzia berriak izatea ez al da ikasketa bat? Eta, bidaiatzean ez al dira esperientzia horiek ugaritzen?

Zorionez, aurreko urtean bidaiatzeko aukera paregabea izan nuen. Hiru hilabetez, Hego Amerikan egoteko aukera izan nuen, horietako bi Ekuadorren eta azkenekoa, Peru eta Bolivian zehar igaro nituelarik. Arestian aipatu bezala, eta nire ikuspuntutik abiatuta, bidai oro ikasketa esanguratsua eta etengabea bihurtzen dela transmititu nahi dizuet. Hala ere, hiru hilabete horietan zehar izandako bizipen izugarri guztiak azaltzen hasiko banintz, ez nuke inoiz bukatuko!

Horrela bada, Puyon bolondres egon nintzen denboraldiaren inguruan hitz egingo dizuet. Ekuadorreko Amazonia ohianarekin muga egiten duen herrian, alegia. Bertan pasatako bi hilabeteetan zehar, Kichua deituriko indigenen eskola batean andereño egin nuen lan, beno, egia esan; haurren andereño, gazteen irakasle, laguntzako irakasle, baliabide materialen sortzaile eta irakasleen irakasle gisa aritu nintzen.

Azal zuriko norbait ikustean, bertakoek ezagupen zenbatuezinak dituen informazio iturria bagina bezala ikusten gaituzte, eta gugandik etekinak lortzen saiatzen direla esango nuke. Baina, etekinak lortzeko saiakera horren helburua, ez da haien jakinmina eta ikasteko gogoa asetzea, baizik eta guk haientzat onuragarria izango den lan guztia egitea. Nik behintzat, horrela sentitu nuen. Edozer gauza eskatzeko ez zuten inolako lotsarik erakusten, eta hori nire laguntzeko prestutasunarekin elkartuta… Zenbaitetan gaizki pasatzea eragin zuen. Askotan, etorkizunean baliagarriak izango ez ziren lanak egiten ari nintzela sentitu nuen. Alabaina, irakasleak ez zeuden batere prest haien lan egiteko modua aldatzeko, eta kontu berririk ikasteko.

Ondorioz, askotan nire lana alferrik izan zela pentsatu izan nuen, halere, beti bertan bizitako une zoriontsuak nagusitzen dira. Bitxikeria bezala, nire egonaldiaren azkeneko egunean gertatu zitzaidana kontatuko dizuet. Eskolako azkeneko egunean, bost urteko ume baten ama niregana gerturatu, eta ea bere umearekin argazki bat atera nezakeen galdetu zidan. Jarraian, haurrak amari mesedez itsulapiko bat erosteko eskatu zion (kontuan izan, ekonomikoki arazo larriak zituztela), aurrezten hasiko zela esanez; heldua izandakoan bere laguna bisitatzeko Euskal Herrira bidaiatu nahi zuela argudiatuz.

Azkenean beraz, nik egindako lan guztia, modu batean edo bestean, islatuta ikusi nuen. Horrelakoetan bizi ditzazkezun emozioak izugarriak direla jakinarazi nahi dizuet, kontuan hartuz, gainera, horrelakoak sentitzeko egoerak etengabeak izaten direla. Bidean aurkitzen dituzun pertsonak, ezagutzen dituzun tokiak, bizitzen dituzun esperientziak… Edozer berria den zerbait ikasteko aitzakia izan daiteke. Berdin du zer nolako herrialdera zoazen, garatuagoa edo garatu gabea, edonon egongo da gauza berriak bizitzeko posibilitatea.

Laburbilduz, nire esperientzia zenbaitetan nahiko desatsegina izan bada ere, bai pertsonalki, baita profesionalki ere oso baliagarriak izan diren gauzak ikasteko balio izan zaidala transmititu nahi dizuet. Beldurra edota egunerokotasunarekiko sentitzen duzun ohitura eta loturaren ondorioz, dagoeneko, bidaia bat egitera ausartu ez bazara, mesedez, gogoan izan esandako guztia, eta bidaia bat egitera animatu behintzat! Ikusiko duzu, ez zara inoiz damutuko. Beraz, gogoan izan bizipen onak zein txarrak bizi arren, zure bizitzan zehar betirako oroituko dituzun esperientziak biziko dituzula.

Ana Burgete, Debiaren ikaslea

Egilea: Debia
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

2 erantzun Bidaiatzea, bizi beharreko esperientzia-ri

  1. iker.gandiaga@gmail.com' egilea: Iker eta Endika

    Oso ondo Ana! Badakigu nor den gure klaseko idazlerik onena! Segi horrela 😉

  2. martaezquereee@gmail.com' egilea: marta ezquerecocha

    asko gustatu zaigu zure testua, izan ere, ados gaude azkeneko paragrafoan bidali nahi duzun mezuarekin. Guk ere pentsatzen baitugu nahiz eta esperientziak txarrak edo onak izan, beti zerbait ikasten dugula haietatik.

Utzi erantzuna marta ezquerecocha(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude