Bigarren eskuko telefono baten bila nabil

Telefonos-400x262Hiru hilabete eman ditut Eskozian, Edinburgo hirian, zehazki. Hiri ederra, baketsua eta hotza bezain garestia bada ere, aipatu behar dut ezaugarri horiek ez direla izan gehien liluratu nautenak. Badago, ordea, izugarri harritu nauen zerbait: hirian dauden Charity shops deritzen bigarren eskuko denden kopurua eta Edinburgoko biztanleek duten zaletasuna aipatutako saltokietan erosteko. Nik neuk horietara jo izan dut maiz ipuin interesgarriak aurkitzeko, eta, bide batez, asmo on baterako diru pixka bat utzi dut. Charityz Charity ibiltzea ia-ia erritu bihurtu da nire ohiko bizitzan.

Antza denez, Edinburgokoa ez da aparteko adibidea; izan ere, Britainia Handi osoa horrelako dendez josia dago, edo Car boot izeneko igandeko merkatu bitxiez (merkatu horietan hirietako parking publikoetan edo herrietako larre jakin batzuetan aparkatutako norberaren autoaren maletategitik eskaintzen dira salgaiak). Argi dago bretainiarrek ez dutela inolako erreparorik beste norbaitek erabilitako gauzei bigarren aukera bat emateko.

Inbidia galanta ematen dit ikusteak jendeak ez dituela gauzak botatzen horietaz nekatzen denean, edo zaharkiturik daudelako. Aitzitik, dohaintzan ematen dituzte  edo, besterik gabe, saldu. Esan gabe doa, gainera, aipatutako produktuek erosle berriak dituztela ikustean, inbidia areagotu egiten dela. Gustuko nuke gure lurraldean horrelako ordezko kontsumoa ohiko bilakatzea.

Denetik saltzen da aipatutako gune horietan: arropa, liburuak, bitxiak, ontziteriak, edota txirringak, besteak beste. Tamalez, onartu behar dut produktuen artean etxetresna elektriko, telefono mugikor edo ordenagailu gutxi ikusi ditudala. Britainia Handian ere horrelako produktuek iraungipen-data jakina dute; hots, erabilera-kopuru mugatua. Bertan ere gutxi batzuek lortu dute zaharkitzapen programatuaren fenomenoari aurre egitea

Zakarkitzapen programatua etikoa al da? Uler dezaket ekoizle-saltzaileek gure kontsumoaz bizi direla, baina gehiegi iruditzen zait fabrikatzaileek erabakitzea aldez aurretik kontsumo-gaiek noiz utzi behar dioten ibiltzeari edo hamaika amarru erabiltzea produktuaren bizitza laburtzeko, eta ez nago poltsiko-ekonomiari begira soilik.

Planetako biztanleok garen aldetik, ezin dugu gure ekonomia kontsumo hutsean oinarritu, ez da batere jasangarria: alde batetik, planetako baliabide naturalak laster agortuko ditugulako eta, bestetik, ezin dugulako iraungitze-data laburreko teknologiak sortzen digun zabor-kopurua gainetik kendu Afrikako lurralde txiro batera eramanda, orain arte egiten omen dugun bezala lurralde sasi-aberatsagoetan.

Hori dela eta, sutan jartzen naiz Telefonicako komertzialek telefonoz, behin eta berriz, iradokitzen didatenean mugikor berri bat erosteko, puntu asko ditudalako. Noiz ulertuko dute nik ez ditudala bi telefono mugikor nahi, bigarren eskuko bat baizik, edo, gutxienez, bi urte baino gehiago irauten duen bat. Noizko teknologia berriei lotutako Charity bat?

Susana Larre, Koma-Hantxeren ikaslea

Egilea: KomaHantxe
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude