Bihar Done Mikel

Bihar irailaren 29 larunbata Done Mikel eguna ospatuko da Euskal Herriko hainbat tokitan. Oñati, Urnieta, Laukiz, Larrabetzu, Derio, Mendata, Aramaio, Zuia eta beste herri asko aipa ditzakegu baina bat aukeratu behar eta Nafarroara joko dugu, Aralarko Santutegira hain zuzen. 1.237 metroko garaieran, Aralako mendilerroan, dagoen paraje zoragarri hau gomendatzera gatoz.
Izan ere Aralarko Santutegian istorio, kondaira eta elezaharrak batzen dira, askorentzat toki magiko delarik. Mariren garaiko kondaira zaharretatik hasi eta ondorengo Teodosio Goñikoaren elezaharreraino, IX. mendetik XXI. menderaino ohitura paganoetatik fede kristaurainoko ibilbidea egin dezakegu leku eder honetan. Gai hauek sakon ikertu zituen Jose Maria Satrustegi etnografo nafarrak eta bere ikuspuntua ederki labutzen duen pasarte bat ekarri nahi dugu hona. Bertan Aralarko Dama edo Mariren haitzuloa zena egungo Done Mikelen Santutegi nola bihurtu den azalduko digu:

“Mendia zen […] sineste zaharretako katedral eta santutegia. Ez halere edozein mendi. Zerutik gertu zegoen mendi aukeratuak, Amaren sabelera doan bide antzera, kobazulo edo lezeren bat behar zuen goiko aita indarrak lurraren ama sabela ernaltzeko. Horrela sortu zen mundu guztiko mendi santuen mitoa. Bizia ematen duen sugaar edo suge harra. Herensugea alegia, udaberrian ikusten da garra dariola kanpora ateratzen, eta udazkenean itzultzen da berriro lurpean dagoen neguko gelara. Herensugea, berez, biziaren aita da, baina, gero, bere umeen irensle bihurtzen da, ekaitz, tximista, lurrikara, uholde, lehorte eta ezbehar guztien figuran, eta gizonak hil egiten du. Bide berean egurasten da Mari, lurraren emankortasunaren irudia.
Mendi horien inguruan egiten ziren erlijio paganoen ospakizun nagusiak, eta Eliza indartzen joan zen eran mendietako kultua kristautzen ahalegindu zen. Aralarko elizaren oinarrian erromaniko eta arabiar kutsuko aztarnak baino lehenagokoak aurkitu dira […]
Europan zehar, emankortasunaren ildoko mendi santu horiek, done Mikelen izenean bataiatu zituen Elizak, hala nola Farfa Frantzian, Gargano Italian, edota Aralarkoa Nafarroan. Horregatik sartu zituen liturgian Mikel goiaingeruaren bi festa: udaberrikoa maiatzaren 8an eta udazkenekoa irailaren 29an, aurrekoen festaburu zaharretan”.

 

Paraje ikusgarri honetara joateko Uharte Arakilera joko dugu, izan ere udalerri honetan baitago kokatua. Mendi garaia dugu eta urte sasoi honetan hotza beraz ondo jantzita joatea gomendatzen dizuegu! Biharko jaiari Dedikazioaren jaia deitzen diote kristauek eta sanmikelzaleek. Urtero legez meza nagusia eta erromeria izango dira egun osoan zehar. Paganoentzak aldiz Sugaar haitzulora itzultzen deneko garaia da, udazkenarekin batera bere gordelekura bilduko deneko garaia.

Bertara hubiltzeko aukerarik baduzue ongi ibili eta bidali guri argazkiren bat!

 

 

 

 

 

 

 

Done Mikelen irudia

Egilea: Legazpi6
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude