Bitxiloreak

bitxiloreakUrduri zegoen Ane eskolako lehenengo egunean. Nolakoa ote zen Andereño berria? Zegokion aulkian eseri zen, aurrera begira eta zuzen, arbela ondo ikusi ahal izateko eta, noski, etorkizunean bizkarreko minik ez izateko. Andereño Marisa sartu zen orduan, zuzen, txukun eta serio: “Ostoiska bat margotuko duzue” esan zien .

Anek ostoiska ederra margotu zuen orduan, ostoiska koloretsua, hosto berdez, gorriz, urdinez,txuriz.. betetako ostaiska. Izar itxura eman zien hostoei gainera, izarrak munduko bitxilorerik ederrenak baitziren Anerentzat. “Ez, Ane” esan zion orduan Andereñok “ostoiskek hosto txuriak dituzte, marraz ezazu bost hosto txuriko ostoiska, eta hostoei dagokien itxura eman” . Hala egin zuen Anek egun hartan, baita asteko hurrengo lau egunetan ere. Astelehena iritsi zenean, berriz ere lore bat margotzeko eskatu zien Andereñok. “Eta nolakoa behar du izan loreak, Andereño?” galdetu zuen Anek “zuek nahi duzuen bezalakoa”. Harrituta gelditu zen Andereño ume guztiek bost hosto txuriko ostoiska marraztu zutela ikusitakoan. Eta egia esan, batzuek mundua bost hosto txuriko ostoiskez bete nahi dutela dirudi.

Orain hilabete batzuk, hainbat talde feministek depilatzeko krema baten iragarkia erretiratzeko eskatu zuten. Iragarki horren arabera, ileak dituen emakumea ez omen da emakume. Ez, ileak dituen emakumea ez da emakumea, eta gaztea ez dena ez da ederra, eta takoirik gabekoa ez da sexya eta larrosa usaina ez daukana ez da erakargarria. Hau da, ileak dauzkana, zahartzen dena, takoirik eramaten ez duena eta lore usain artifiziala ez daukana ez bide da emakumea. Emakundek ere jostailuen iragarkiek islatzen duten sexismoa salatu zuen duela gutxi. Kolore arrosak, neskatila ile-horiak, soineko larrosadun eta lazodunak…

Hamar urte barru beren burua nola irudikatzen duten marrazteko eskatuko balie andereñok, baietz asmatu nolako bitxilorea margotuko luketen Anek eta bere laguntxoek! Andereñok marrazki librea egiteko aginduko balie ere…

Egilea: E-lore
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude