Blogabogalariak aurkezten: Pinpilinperpauxa

“Pinpilinpauxa” izan zen iaz Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Egunaren karietara egin zuen “Euskararen Hitz Politena” kanpainan hitz irabazlea. Bigarren “bihotz” hitza zetorren eta atzetik “goxoa”, “maitasuna” eta “xuxurlatu”. Neuk ere “pinpilinpauxa”-ren alde bozkatu nuen eta, hara non, txoko honetarainoko bidea irekitzen lagundu didala konturatu naiz orain.

Hiztunon lana hitzetatik abiatuta perpausak osatzea izaten da eta gure ikasleei ere hori irakasten saiatzen gara. Horregatik aukeratu dut Pinpilinperpauxa, pinpilinpauxa batek hegan egiten duen moduan, erraz, aise, arin, batere kezkarik gabe, osatu nahi ditudalako perpausak. Behar denean pausatuz, atseden hartuz, eta ondoren hegaldatuz. Zenbaitetan ez da lantegi samurra izango, pinpilinpauxa baino larba ikusiko baitut nigan eta etsi egingo dut, lan nekezegitan ez ote naizen hasi pentsatuz. Larbatik pinpilinpauxa bitarteko itxuraldaketa, prozesua, badenik ere ahaztu egiten zaigula esan ohi dit lagun erlezain batek eta aholku horrek lagunduko dit aurrera egiten. Eta horrela, neuretzako behar dudan lezio hori ikasleei ere sinestarazi nahiko diet, haiengan ere badela hegan arin egiteko gaitasun hori eta hitzak arin eta aise aterako direla haien ahoetatik, perpausak oharkabean bata bestearen atzetik osatuz.

Pinpilinpauxen familia ugaria eta zabala da eta Blogabogan idazterakoan ugaritasun eta zabaltasun horiekin aritu nahi nuke, askotariko gaiak landuz. Hitzen ugaritasunean galtzeko batere beldurrik gabe, horixe izango baita pinpilinpauxaren aurreneko lezioa: tximeleta, mitxeleta, mitxoleta, pinpilinpauxa, pinpirin, inguma, kalaputxia, txiribiri, tximirrika, jainkoilo, txoleta, sorgin-oilo edo mitxirrika esateko aukera dugula jakitea. Niri horrek ez dit batere enbarazurik egiten, alderantziz, gozamena besterik ez da nire belarrientzat.

Edertasuna eta poetikotasuna besterik ez dizkiot ikusten, idazten hastera doanarentzat lehengai onak inondik ere! Joseba Sarrionandiak 1997an idatzi zuen bere hiztegi partikularra irakurrita ikasi nituen horrelako kontuak. Ah! Ohar bat, Sarrionandiaren zale amorratua naiz, igarriko didazue…

“Pinpilinpauxa”, “bihotz”, “goxoa”, “maitasuna”, “xuxurlatu”. Hitzik politenak omen. Tartean sartuko dizkiegu deklinabide markak eta aditzak baina huts-hutsean ere ari dira zerbait esaten. Irudimenak ezin geldirik egon, badoa norabaitera. Hasia da pinpilinpauxaren aurreneko hegaldia.

Badator aurreneko perpauxa.

Egilea: Pinpilinperpauxa
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude