Blogabogari buruzko hausnarketatxoa

Businessman-Working-Laptop“Egonak pozik ez du. Boga ahalegina!” esan, eta horrela abiatu ginen, orain hiru urte eta lau hilabete, gure bloga, Blogaboga, sortzeko ahalegin honetan. Gure euskaltegiak ere sare sozialetan egon behar zuela argi ikusten genuen, eta asmo horrekin ekin genion proiektu berriari. Ikaslek euskara erabiltzeko tresna baliagarria izatea ere nahi genuen, eta horretan aritu gara urte hauetan. Eta abentura birtual honi buruz zerbait ikasi dugu, badugu gure eskarmentutxoa.

Hala ere ez dugu lo geratu nahi, eta hobetze aldera, egunotan sare-sozialen erabilerari buruzko inkesta betearazi diegu gure ikasleei. Ikasleen erdia da, gutxi gorabehera, sare sozialen erabiltzaile; pentsatuko duzuen bezala, Facebook da erabiliena, askok Twitter ere erabiltzen duten arren. Gehienei ondo iruditzen zaie euskaltegiak sare sozialak erabiltzea, eta askok diote informazio iturri oso ona izan daitezkeela. Beraz, aldeko dugu haizea, eta boga egiteko moduan gaude!

Hiru urte hauetan gauza asko ikasi ditugu, esan bezala. Horietako asko nabarmenak ziren, espero genituen, baina beste asko ez, inola ere ez. Bagenekien hau lana zela, lan jarraia, astero-astero argitaratzeak bere zereginak baititu. Batzuetan oso interesgarriak eta arrakastatsuak izan dira gure post-ak, eta beste batzuetan, bat ere ez.

Hasi ginenean, komentarioak espero genituen, jendeak parte hartzea, eztabaidatzea. Baina ez, horrelakorik ez da gertatu, ez hemen eta ez gainerako blogetan. Salbuespen jakinak kenduta, ez baita ohikoa blogetan eztabaida mamitsuak ematea. Horretarako asmatu zen Twitter!

Akats ortografikoak zuzentzen ere ikasi dugu, bai arraioa! Blogabogalarien artean denetik dago, batzuk finagoak besteak baino, baina hiru urtean testuak editatzen aritu ondoren esan dezakegu denok egiten ditugula akatsak. Eta argitaratu aurretik zuzendu behar direla!

Esteka edo link-ak sortzeak ere badu bere lana. Eta bere edertasuna. Espero ez zenituen webgunean, blogak eta tokiak topatzen dituzu. Kasurako, azken urteotan, euskarazko Wikipedia nola ugaritu eta hornitu den ikustea ederra izan da.

Blogean ez da gezurrik idatzi behar, nabaritu egiten da, itsusia da eta jendea uxatzeko besterik ez du balio. Alderantzizkoa eginez gero, gure kontuak eta istorioak, benetan bizi eta sentitzen ditugunak kontatutakoan, horrelakoetan ia beti gure bisitak igo egiten dira. Ikasturtean zehar egiten ditugun ibilaldi eta txangoen kronikak dira horren froga nabaria.

Blogak zure izaera sortu, garatu eta adierazten du. Zer egiten duzun ikusiz, konturatzen dira besteak nolakoa zaren. Prozesu etengabea da, eta parte-hartzailea, sorpresaz betea; ez baitakizu noraino eramango zaituen!

Beno, jarraituko nuke baina gaurkoz aski da. Hau irakurri ondoren, animatzen al zarete hemen idaztera? Edo dagoeneko baduzue zuen bloga? Ondo al doakizue?

 

Egilea: Barraskilo hegalaria
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude