Burusoila

Bulego haietako igogailua hartu zuenean hasi zen dena. Informatikari gazte bat zen bera, eta aurreko ispiluan bere betiko irudia ikusi zuen: mutiko bat hogeita gehiago urtekoa, argala, ilehoria, irribarre politekoa. Atzeko ispiluan begiratu eta adin ertaineko notario bat agertu zitzaion, ordea: apur bat aurrera okertzen zen bizkar mehar bat, kokotean sekulako soilgunea zuen buru luzexka bat, peka batzuk eta mantxa gorrizta soil-gunean. Ingurura begiratu eta ez zuen inor ikusi. Berriro begiratu eta igogailuan bakarrik zihoala onartu behar izan zuen. Alegia, notario burusoil bat zeramala bizkarrean.
Igogailu hartara igo zenerako, bazen hilabete mordoxka kopetaren bi ertzak soiltzen hasiak zitzaizkiola, baina ez zitzaion kezkagarria iruditu. Alderantziz, erakargarri ukitu bat ematen ziotelakoan zegoen. Egun zorigaiztoko hartatik, ordea, alde guztietatik hasi zitzaion ilea desertatzen. Galderak pilatu zitzaizkion buruan: nola da posible nork bere kokotea ikustea hain gauza zaila izatea? Nola izan liteke informatikari gazte batek bat-batean notario itxura hartzea? Zergatik ari naiz burusoiltzen nire familian denek kristoren ile kalparra baldin badute?
Umetan lagun baten baserriko egongelan ikusten zuen argazkia etorri zitzaion gogora. Familia osoa ageri zen atarian, aitona-amona, osaba-izeba eta lehengusuen artean berrogei bat lagun. Batzuek xelebre itxura zuten, bazen oso polita zen lehengusina ere, baina berari beheko ilaran makurtuta agertzen zen gizon hura suertatzen zitzaion deigarriena. Ileorde harrigarri hura, tonu marroi distiratsua eta baserriko txakurraren trazak zeuzkana.
Ze umorerekin ekiten dio gizon arrunt batek ileordearekin kalera ateratzen den lehen egunari? Kalean topatzen duten betiko ezagunek esango al diote zerbait? Ileordeak xanpuarekin garbitzen al dira?
Beheko ile-apaindegiko neska gustatzen zitzaion aspaldidanik. Bere hatz finekin burua gozo garbitzen zionean sentitzen zuena ez zuen beste inoiz sentitu. Sarritan egin zioten irribarre elkarri, baina ez zen ezer esatera ausartu. Erabat burusoil gelditzen ari zela konturatu zenetik ez da gehiago gerturatu.

Egilea: Barraskilo hegalaria
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude