Coleslaw, aza-entsalada

coleslawIgaro ziren Gabonak, igaro da San Sebastian, eta iritsi da dieta osasungarria eta garbia egiteko garaia. Egindako gehiegikeriek utzi dizkiguten kilotxoak kentzeko errezeta osasungarri eta merke bat proposatu nahi dugu gaurkoan. Estatu Batuetan, hegoaldean hain zuzen ere, oso ezaguna den aza-entsalada edo coleslaw. Aza oso elikagai arrunta da gure artean, baina gordinik jateko ohiturarik ez dugu; odolki edo babarrunekin batera bai, baina entsaldan probatu al duzue inoiz? Errezeta  arin honek horretarako aukera emango digu, aza eta azenario gordinak baitira osagai oinarrizkoak.

Errezeta zaharra omen da oso, etorkin holandarrek Estatu Batuetara XIX. mendean eramandakoa. Hainbat aldaera izan ditu urteak igaro ahala, baina guk oinarrizkoa hautatu dugu. Saltsa gehitu nahi izanez gero, ipini egin dugu errezetan baina mahonesa dela medio kaloria asko erantsiko genizkioke. Aukera osasungarriagoa izango da oliba olio, ozpin/soja saltsaz gozatzea.

OSAGAIAK

1/2  aza zuri
400 gr. azenario
apio zatitxo bat (gustoko duenarentzat!)
sagar bat
arbi zuri bat
porru bat
mahats pasak, eskukada bat
gatza
piperra

Saltsa egiteko errezetak:
100 gr. mahonesa
bi goilarakada mostaza
1/2 limoi zuku

PRESTAKETA

1. Azenarioak, apioa, sagarra, arbia, porrua eta aza zati txiki-txikitan egingo ditugu. Eskuz, edo horretan lagunduko digun sukalde tresna egokia erabiliz (irabiagailu handi batekin adibidez).

2. Osagaiak ongi nahastuko ditugu. Ondoren gatza eta piperra gehituko ditugu.

3. Ontzi batean mahonesa, mostaza eta limoi zukua nahastuko ditugu. Saltsa hau entsaladari gehituko diogu, eta ongi nahasi. Esan bezala, aukera osasungarriagoa izango oliba olioa eta ozpina/soja saltsarekin gozatzea da. Edonola ere, ez dadila koipetsu geratu.

4. Mahats pasak gehituko ditugu, eta ordu pare batean hozkailuan edukiko dugu, zaporeak ongi ezkon daitezen.

On egin!

 

Egilea: Pintto
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

2 erantzun Coleslaw, aza-entsalada-ri

  1. garbine@legazpi6.com' egilea: Pinpilinperpauxa

    X. Arzallusek Lemoizko zentral nuklearraren garaian esandakoa gogora ekarri dit errezeta honek: “Edo Lemoiz eraiki, edo azak jango dituzue!”
    Azak gustora asko jango ditugu, bai!

  2. marinaqui@yahoo.es' egilea: axularren begia

    Ezagutzen dut, oso goxoa da! Uste nuen nire amaren inbentzioa zela! 😀
    Nik ez nuen arbirik ez porrurik botatzen, probatuko dugu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude