Dibina, bizitza oso bat anguletan

Iban Egigurenek Dibina Lanberriren bizitza kontatu du Dibina, bizitza oso bat anguletan dokumental laburrean. Lanberri 9 urte zituenetik aritu da angulak arrantzatzen, eta bere ibiliak jaso nahi izan ditu egile oriotarrak. “Goazen anguletara” esanez hasten da dokumentala, eta badirudi hori izan dela Dibinaren bizitzako ardatza. 76 urte eder eginak dituen emakume oriotar honek, bere gorabeherak kontatuko dizkigu dokumental laburrean (guri laburregi egin zaigun dokumentalean).

Aita eta anaiarekin hasi zen, ez txalupan, arrastan edo fondeatuz, baizik bazterreko arrantza eginez. Etxetik bertatik argia jarrita, baheak hartu, eta moila bazterrera, paretaren kontra jarrita edo eskaileratik bertatik arrantza egitera.

Urrian hasi eta martxora bitartean egiten zuten lan hori, batzuetan etekin ona lortuz eta besteetan ez hainbeste. Izan ere, angula batzuetan ondo sartzen baita baina, nora jotzen duen, batzuetan Frantziara, besteetan Galiziara, ez da beti norberaren gustura ibiltzen! Hemen, hala ere, ondo harrapatu izan dutela aitortzen du, aurten bazterretik askorik harrapatu ez duen arren.

Kalak egin eta deskantsatu, horixe da Dibinaren lan egiteko modua. Gerrietako mina etortzen denean atseden hartu, eta berriro ere ekin lanari! Bere buruari “ez niak gehiago” esaten omen dio, baina garaia iristen denean tentazioa etortzen zaio. Eta afizio handia duenez, segi eta segi, “prueba egitera niek” esan eta nekatu arte segi.

Umeei gustura erakutsiko omen lieke, halaxe aitortzen du. Seme gaztearen alabak badu gogoa, joan izan da berarekin arrantzara. Poza antzematen zaio Dibinari hori esaten duenean. Hamaika urte bakarrik ditu neskatoak, baina amonaren aldamenean gustura! Beste ilobak, mutilak, ez omen dira saiatzen, ez omen dute nahi; ez baitzaie gustatzen ez harrapatzea eta ez jatea.

Angulaz gain lupia eta korrokoia arrantzatu izan omen ditu. Beti arrantzan arituta ez da harritzekoa. Arrantza ona egiteko hego haizea eta euria omen dira onak; horrek angulak bazterrera ekartzen dituelako. Ur zikinean zein ura garbi-garbi dagoenean, bietan egin izan omen du arrantzan. Angula lerroan joaten dela dio Dibinak, eta lerroa harrapatzea omen da kontua. Batzuetan asko harrapatu izan du, piloa, baia kendu eta librako kalak aizue!

Bejondeizula Dibina eta mila esker Iban!

Egilea: Barraskilo hegalaria
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude