Dilista lapikotxo bat prestatuko al dugu?

dilistak Negua ate joka dugularik, astelehenean abendua izango dugula ikusirik, barruak berotzea ez zaigu gaizki etorriko. Eta horretarako, eltzekariak ditugu egokienak. Gaurkoan dilistak aukeratu ditugu, zenbaiten etxean, astelehenero jaten den jakia, hain zuzen ere. Jaki osasuntsua eta merkea, ez dadila gure otorduetan falta!Guk aukeratu dugun errezeta egiteko barazkiak bakarrik hautatu ditugu. Oso garbia da beraz, ez baitiogu txerrikirik gehitu, hala ere, nahi duenak libre du txorizo punta bat, sahieskia, edo hirugihar mutur bat gehitzea.

OSAGAIAK:

3 tomate heldu
2 tipula
kalabaza erdi bat
2 azenario
350 gr. dilista gordin
gatz pittin bat
erramu hosto pare bat (aukeran)

PRESTAKETA:

  1. Tipulak zuritu, eta mehe-mehe zatitu. Lapikoan ipini gorritzen, su baxuan, estalita. Aurretik gatz pittin bat, eta erramu hostoak botako dizkiogu. Bere uretan egin dadila, urik ez botatzen saiatu behar dugu.
  2. Azenarioak eta kalabaza zuritu, hustu, eta zati txikitan egingo dugu. Ondoren lapikoan dugun tipulari gehituko dizkiogu. Hiru osagaiak nahasi, eta basokada bat ur botako diegu.
  3. 15 minutuz, su baxuan jarraituko dugu, kalabaza eta azenarioa biguntzen hasi bitartean.
  4. Tomateak zuritu, zatitu, eta irabiagailuarekin ongi txikitu, ore fin bat egin arte. Ondoren, lapikora botako dugu tomate gordin hau.
  5. Dilistak botako ditugu orain, eta ura gehituko dugu, osagai guztiak estali arte. Su indartsua ipiniko diogu, eta irakiten dugunean baxuago, baina irakiten jarrai dezala 40´inguru. Denbora hori igarotakoan, dilistak gogorrak baleude, ur gehiago bota eta beste ordu laurden utzi beharko ditugu sutan.
  6. Mahairatu aurretik, ordu laurdenez jalkiko dugu gure lapikotxoa.

On egin!

Egilea: E-lore
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude