Donostiako baserriak lehen eta orain. Josu Tellabideren hitzaldia.

Alde Zaharreko San Jeronimo kaleko udal aretoan bildu gara gaur eguerdian, “Donostiako baserriak lehen eta orain” izenburupean Josu Tellabide etnologoak (Donostia 1943) kontatu dizkigunak entzutera. Bertara hurbildu garenok, ikasle, irakasle eta entzule, gure hiriari buruzko kontu jakingarri ugari entzun ditugu.Izan ere, Lugaritzen jaiotako antiguatar honek bikain ezagutzen du hiri honen iragana, eta badu zer kontatua. “101 bazter Donostiako” izenez argitaratu zuen 2007an liburua, eta  bertan jasotzen diren hainbat datu eta istorio izan ditu hizpide gaur eguerdian.
Kontu jakingarri horietako batzuk aipatzera goaz ondoren.

“Ez gara sansebastianenses, iruneses diren bezala. Gu donostiarrak gara. Badirudi euskaldun garela, izena mantendu dugu eta euskaldun izanaren adierazle da hori” esanez hasi du jarduna, eta euskarak hiri honen historian izan duen lekua eta indarra izan ditu aipagai. Hiri honetan militarrek eta jauntxoek egiten omen zuten erdaraz, industrializazio ondoren etorkinek ere bai, baina bertan euskaldun elebakarra izan zen jendea. Bere aitona Gregorio aipatu du, donostiarra, kaletarra eta elebakarra. Belaunaldi kontua izan omen zen galerarena, aitona-amonekin euskaraz eta gurasoekin gazteleraz aritzen zela aitortu digu. Gurasoen belaunaldi horrek gazteleraz egiten zuen, hiri guztiak gazteleraz egiten zuen bezalaxe. Bueno, hiri guztiak ez, baserritarrek eta arrantzaleek egiten zuten euskaraz. Arrantzale gizonek, sardinerek gazteleraz egiten baitzuten. Baserritarrak asko ziren ordea, XIX. mende bukaeran hiritarrak adina izango zirela estimatzen du berak.

“Donostia baino zaharragoa da Donostiako baserria” esan digu ondoren. Antso Jakitunak Donostia sortu, forua eman eta bertara merkatariak ekarri zituenean (merkatari gaskoiak) bertan baziren baserriak. Duela mila urte Donostian baserriak bazirela uste du berak; Añorgako Amassorain eta Unanue esaterako. Hiritik urrun bizi ziren baserriak denak ere, hiri hau militarra izan baita eta merkatarientzat ere ez zen hiri erraza. Baserritarrak beste mundu batean zeudela dio Tellabidek, aipatzekoa da foruak ez ziela eskubiderik ematen baserritarrei harresiz barne bizitzeko. XVIII. mende arteko baserritar gehienak maizterrak eta oso pobreak zirela dio berak. Ez ziren gutxi, ordea. XIX. mende hasieran zazpiehun bat baserri izango omen ziren guztira Donostian: Amaran 130, Lugaritzen 110, Ibaetan 100, Egian 80, Loiolan 50, Ulian 45 etab. Anexioekin gehitutakoak ere hor daude: 140 Altzan, 70 Igeldon eta 22 Zubietan. Karlistadetan hasi zen baserri hauen galera, bi Karlistadetan zazpiehun baserritik bostehun erre eta suntsitu baitzituzten, atera kontuak hura zer izango zen!

“Urtean zazpi baserri desagertzen dira Donostian” esan digu amaiera aldera. Garapenak ez du gupidarik eta baserriek ez dute tokirik izango XXI. mendeko Donostian. Baserria desagertzearekin, maiz, izena ere desagertzen da, eta, horrela, etxebizitza berriak, eraikin modernoak, pabilioiak eta errepideak dauden tokian gure iraganaren arrasto zirenak betirako galtzen ari gara.

Argazkiak bakarrik izango dira garai hartako Donostiaren lekuko, eta haiexek ikusiz eman diogu amaiera hitzaldiari. Makina bat baserri eder ikusi dugu, makina bat oroitzapen gogora ekarri ere bai askotan. Txanponene, Arditetxe, Katalintxo, Urdintxo, Saldias, Teresatxo, Alejandria, Melodi, Iradi, Txankarrene, Paris, Londres, Antxuene eta beste asko eta asko ez baititugu argazkitan besterik ikusiko.

 

 
Mila esker Josu!

Egilea: Legazpi6
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Erantzun bat Donostiako baserriak lehen eta orain. Josu Tellabideren hitzaldia.-ri

  1. riantero2@gmail.com' egilea: RIKARDO

    Hitzaldia oso interesgarria iruditu zitzaidan. Gu, ni behintzat, kaletarra izanez, horrelako ekitaldiak gure arbasoen bizimodua eta ohiturak ulertzeko baliabide interesgarri direla uste dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude