Entzumena lantzen, ikastaro baten kronika

entzumena

Entzumenari buruz idatzi nahi dizuet gaurkoan. Gure geletan sarri lantzen dugun gaitasuna, askorentzat une larria, irakasleoi kexa ugari ekartzen dizkiguna (hori da abiadura!), eta, derrigorrean landu behar dugun trebetasuna; bai hasierako mailetan, bai maila altuenetan. Ez da langintza samurra, beti pentsatu izan dut hori. Neu ingelesa ikasten aritu nintzenean, zenbat sufritu nuen akordatzen naizenean batez ere… Banuen bai, horrelako ikastaro baten premia!

Susana Martín Leralta Madrilgo Nebrija Unibertsitateko irakasle eta doktorea dugu. HABEn izan dugu bi egunez, eta ikastaro oso aberasgarria eman digu. Zer pentsatu handia jarri digu, eta gure lan egiteko moduari buruzko hausnarketa sakona eginarazi. Haren irakasgai mamitsuenen kronika egiten saiatzera noa.

Entzutea berezko gaitasuna dugu, ez dago belarriak ixterik, ez dago begiak ixtea bezalako aukerarik. Eta gure ama hizkuntzan (H1) entzuten berez ikasten den bezala, ikasten dugun bigarren hizkuntzan (H2), irakatsi egin behar da entzuten; ez baita zeregin naturala. Zeregina da, lana, eta kognitiboki oso nekagarria gainera. Etzumena prozesu aktiboa dela nabarmendu zigun, pasibotik ezertxo ere ez daukana; hemen eztabaida sakona izan genuen, betidanik prozesu pasibotzat hartu izan baita.

Entzuten ikastea izugarri garrantzitsua da, hortik abiatuta hitz egingo baitugu gero, sekula ez alderantziz. Umeak ere halaxe ikasten du. Eta ikasle batzuk berez onak izan daitezke entzumen ariketetan, trebeak, memoria fonologiko handia dutenak, baina ez da ohikoa izaten. Ohikoena entzumen ariketen aurrean urduritasuna, antsietatea, nahasmena, interesik eza, aspermena, eta deskonexioa izaten dira, esan dezagun, azken hau dela denetan arriskutsuena.

Entzungai edo input ugari ditu gure ikasleak: lehena bere irakaslea, ikaskideak, irratia, telebista, abestiak, material egokitua, kaleko elkarrizketak, megafonia oharrak etab. Baina hala ere, beti dugu sentsazioa entzumena ez dugula behar adina lantzen. Testuaren aldean desabantaila nabariak dituenez, ikusezina eta kontrolaezina denez, ikaslea ez da ausartzen entzun duen hori ez duela ulertu esatera. Aldiz, testua balitz, ulertu ez duena azpimarratu eta oso lasai galdetuko liguke zer esan nahi duen. Entzumen ariketa ez ulertzeak frustrazio handia sor dezake, afektiboki gogorra da, eta aldiz, idatzizko testua ez ulertzeak ez digu halako frustrazio mailarik sortzen.

Desabantailak aipatu ditut, eta handiena emisioarekiko aldiberekotasuna da. Hor dago benetako zailtasuna, eta ez abiaduran. Entzuterakoan gure burmuina lan anitzak ari da egiten; entonazioa, bolumena, ahotsa, erregistroa eta bestelako elementuak atzeman behar ditu lehenik. Entzuterakoan edukiak aurreratzeko gaitasuna dugu gure ama hizkuntzan, baina H2ren kasuan hori ezinezkoa da erdi maila arte; hitzez hitz entzun behar dugu, eta esaldiaren bukaera arte arreta handia eduki behar da, derrigor.

Arreta prozesu jarrai honetan ezjakintasunarekin, eta zalantzarekin etengabe negoziatzen da. Horregatik sortzen da abiaduraren pertzepzio okerrekoa. Entzumena oraindik automatizatu gabe daukalako ikasleak, ezin duelako edukirik aurreratu. Aldiberekotasunak memoria lantzea eskatzen digu beraz, eta entzunezko memoria oso txikia dela esaten dute zientzialariek, are txikiagoa H2 batean. Bestela egin froga, H2 batean ez gara textualki ia ezer gogoratzeko gai, baina H1 kasuan bai.

Hau dena jakinda, zer egin ikasleari laguntzeko? Audioa errepikatu, hiru aldiz gutxienez. Bai, bai, irakasle hori, hiru aldiz entzutea ez da ikaslea ezjakin sentiaraztea, edo materiala “erretzeko” modu bat. Idatzizko testuarekin ez al dugu ba hori egiten? Ikaslearentzat ez al da naturala testua bizpahiru aldiz irakurtzea, eta birpasa egitea? Ba audioarekin ere berdin-berdin egin behar dugu.

Lehenengo entzunaldia, edukian batere sakondu gabe entzun behar litzateke; ahotsa, intonazioa, iraupena eta ulermen maila orokor, baino lauso, bat lortze aldera. Ah! Eta lehenengo entzunaldian oharrak hartzea debekatuta dago. Bigarren entzunaldian, helburu jakina ipiniko diegu, zeregin bat, eta oharrak har ditzatela. Hirugarren entzunaldia, zuzenketa egiteko baliatuko dugu, eta hemen lanketa sakona egingo dugu. Transkripzioa erabilita, edo erabili barik. Eta transkripzioa landu nahi duenak, etxean entzun dezake berriro. Lauzpabost aldiz entzuteak entzule onen trebakuntza emango digulako!

Egilea: Pinpilinperpauxa
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude