Ernani Txikiak krisisari jarritako zazpi bertsoak

Joan den hilabeteetan alde guztietatik krisiari buruzko albisteak datozkigu. Beste konturik ez dago egunkari, irrati, telebista eta interneten. Blog honetan ere jaso dugu kezka hori. Baina lehen ere izanak dira krisiak, “krisisa” ez zen atzo goizeko kontua gure amonaren hitzetan! Horren lekukotza Ernani-Txikiaren zazpi bertso hauetan topatu dut. “Ia kantatuz bezela” liburuan daude (1985), Auspoa saileko liburu goxo batean (130.orr.). Pablo Zubiarrain Otxotorena (1912) bertsolari hernaniarra ezagutzen ez duzuenoi Argiak egindako elkarrizketa irakurtzea gomendatzen dizuet. Bere garaian bertsolari estimatu eta maitatua izan zela ikusiko duzue.

Krisisari jarritako bertsoak aipatu ditugu eta hona hemen. Irakurri eta zeuek atera ondorioak. Nik gaurko egoerarekin antzekotasun batzuk ikusi dizkiot…

1)
Lenago´re baziran
pizkorrak izanak ,
ikusten ari gera
orduko esanak:
Taberna ta bide uts
laister bazter danak,
bizi nai ta eziñak
emango´itu lanak.

2)
Emen bai industria,
emen bai fabrika,
atzerritar guztiak
onera korrika.
Orain nai izatea
degu alperrika,
oiek bialtzerikan
etziok harrika.

3)
Etorri zan krisisa,
larri gera danak,
umilduko gaituzte
arro genbiltzanak.
Eta besteren onik
ezin eramanak,
gure erri maiteak
izango´itu lanak.

4)
Jendea´re geiegi
gera ugaritu,
ta besteren onikan
ezin guk sufritu.
Lantegiak itxi ta
gauzak galestitu,
orrek ondoren txarrak
ekarriko ditu.

5)
Au ondo bizitzea
botoen ordainez!
Emango etzutena
agindu mingaiñez.
Erria engañatu
kontu ta mitiñez,
orain berak ederki
nai dutena egiñez.

6)
Kristauen inbiria
joango da indartzen,
lana ta irabazia
ez badira jartzen.
Gauza gora igo ta
pezeta bajatzen,
emen alper geiegi
ari da txupatzen.

7)
Pentsatzen jarrita´re
jaunak, au mundua:
Batzuen inpernua,
besteen zerua.
Etsaiaren mendean
dago aingerua,
ez baitute egin nai
Kristok agindua.

Egilea: Legazpi6
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude