Eta zu, feminista al zara?

Feminismoa 2Atzo euskaltegian fenimismoari buruz hitz egiterakoan eztabaida sortu zen. Bi gauza argi geratu ziren: feminismoa zer den ez dakigula eta feministetan pentsatzean emakume “erradikalak” irudikatzen ditugula. Hortaz, ezjakintasun hauei aurre egiteko bi kontu hauetan murgilduko naiz.
Hasteko, zer da feminismoa? Klasean erabilitako artikulu batean irakurri genuen bezala, feminismoa emakume eta gizonen arteko berdintasuna defendatzen duen mugimendua da. Baina, dirudienez, batzuk ez daude ados. Pertsona batzuek feminismoak edo, hobeto esanda, feministok gizonak gorroto ditugula uste dute. Beren bizitzan horrela pentsatzen zuten emakume batzuekin topo egin dutelako. Eta askotan gertatzen den bezala, esperientzia hori kontuan hartuta, feministaren izaera eta sinesmenak orokortu egin dituzte, ondorioz, beste feministei kalte eraginez. Harrigarria izan arren orokortzea oso ohikoa da. Atzerritarrekin, homosexualekin eta aniztasun funtzionala duten pertsonekin gertatzen da, besteak beste. Honek galdera bat sortzen dit: zer dago arazo honen atzean?
Nire ustez enpatia arazoa da. Alde batetik, historikoki, eta gaur egun neurri batean ere bai, bizitza erosoena izan duen kolektibo handiena gizon zuriena da. Bestaldetik, urtero egoera honek hobera egiten du, giza eskubideen alorrean aurrerapauso nabariak izan ditugu eta pertsonen pentsaera aldatzen doa. Aitzitik, 2015. urtean euskaltegiko klase batean ez gara gai bestearen azalean jartzeko. Fenimismoaren gaia plazaratu eta jarraian bi talde sortu ziren klasean: gizonak eta emakumeak. Gainera, gai ugarirekin egiten ez diren txantxak egin ziren, errespetu faltak bromen atzean ezkutatuz. Eta nire ustez, errespetua galduta, denok galtzen dugu.
Amaitzeko, gaur egun bizi garen gizartean hainbeste matxismo egoteak lur jota uzten nau. Egoera nola dagoen ez ikustea edo onartzea da gehien kezkatzen nauena. Logikoena denon artean guztion eskubideak defendatzea izango litzateke, baina, zoritxarrez, hori ikusteko ia itxaropen guztiak galdu ditut jadanik.
Eta zu, feminista al zara?
Paloma, EGAko ikaslea

Egilea: Tomaxa
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Erantzun bat Eta zu, feminista al zara?-ri

  1. Bai, ni feminista naiz, eta harro nago

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude