Euskaldunberria, gure blogari berriaren aurkezpena: “Haragi gordina”

Jordi-Cruz-Tratado-como-un-Roast-BeefBlogabogalari berri bat aurkeztera gatoz gaurkoan, Euskaldunberria izenekoa. Eta aurkezpen post moduan, honako hau ekarri digu: “Haragi gordina”. Ongi etorri adiskide! Eta goza dezagun bere aurkezpenaz!

Une honetan garrantzi handirik ez daukaten arrazoiengatik, 2013ko martxoan euskaltegian matrikulatu nintzen; pazientzia gutxikoa izateagatik, urte hartako lehenengo deialdian B2ko azterketarekin ausartu nintzen, eta hitz egiten nuen modu berean idazteagatik, ez nuen azterketa gainditu. Baziren 25 urte azterketa bati ez niola hutsik egiten, eta ez nuen batere ondo hartu, kosta egin zitzaidan onartzea.

Nolanahi ere, ez nuen amore eman eta nire gabeziak gainditzeko zer edo zer egin behar nuela erabaki nuen. Horrela, berreskuratutako pazientzia, helburu didaktiko eta hiztegiaren laguntzarekin, bururatzen zitzaizkidan gauza eta istorioak idazteari ekin nion. Lehenengo bat idatzi nuen, egun gutxitan, bigarrena ia jarraian, …  eta, pixkanaka, hasiera batean idazmena hobetzeko ariketa besterik ez zena zaletasun bihurtu zitzaidan. Zaletasun hori C1eko azterketa gainditzeko, eta ofizialki euskaldun berria izateko ezinbesteko laguntza izan da; eta, ordu ugari lapurtu arren, inbertitutako denboraren truke, unetxo zirraragarri batzuk oparitu dizkit.

Horietako unetxo bat, eta aipatu nahi ez ditudan pertsona batzuen intrigak eta trikimailuak, izan dira Blogabogara bideratu nautenak. Nik, bestalde, ez dut kontra egiten lan handirik hartu eta, ondorioz, Euskaldunberri ezizenaren atzean ezkutaturik, nire istorio edo burutazioekin aspertuko zaituztet noizean behin. Ez dakit gustukoak edo jasanezinak izango dituzuen. Jakin ere ez dakit modu egokian idatziko ote ditudan, edo nire euskara maila mugatu samar honen akats bilduma agerian utziko duten. Beraz, pazientzia eskatu behar dizuet. Onar nazazue, mesedez, naizena bezala: hiru Michelin izardun jatetxeko platerean erori den prestatu gabeko haragi puska nauzue. Denborari, eta zuek bezalako sukaldari iaioei dagokie Blogabogaren plateraren parte izateko behar diren samurtasuna dudan, edo, aitzitik, gogorregia ote naizen erabakitzea.

Besterik ez. Eskerrik asko aukera polit hau ematen didazuen guztioi. Eskerrik asko HABEri, B2ko idazmen probaren bidez nire idazteko zaletasuna pizteagatik. Eta esker bereziak haragi gordina izatetik, erre-arineko jaki bihurtu nauzuenei: 2013ko ikastaroan gatz puntua eman zidanari (ezin izan dut bere blogabogalariaren ezizena identifikatu); urte bereko udan piperbeltza gehitu zidanari (Koma-hantxe, agian?); eta, joan den urteko ikastaro osoan zehar, berak bakarrik ezagutzen duen ozpin-saltsa goxo horretan beratu nauenari (E-pistola, uste dut). Jakin ezazue zuek gabe Euskaldunberri ez litzatekeela hain euskalduna izango. Aipatutakoei, eta ahaztu ditudan guztiei, agur eta eskerrik asko! Has zaitezte lehenengo istoriorako prestatzen. Ni, bitartean, labean sartuko naiz: hurrengorako azala behintzat txigortzearren!

Egilea: Euskaldunberria
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

3 erantzun Euskaldunberria, gure blogari berriaren aurkezpena: “Haragi gordina”-ri

  1. egilea: mitxoleta

    Xamur-xamur, inolako lanik gabe irentsi ditut ba nik, zure lehenengo hitzok! Ongi etorri!

  2. egilea: Eli Altuna Zurutuza

    Ongi etorri gure artera, Euskaldunberria!

    Ez litzaidake batere inportako zure susmoak bete eta piperbeltza erantsi izanaren tantoa neureganatzea, baina beste norbaiti dagokio meritu hori. Hark jaso dezala!

    KomaHantxe

  3. egilea: e-pistola

    Ongi etorri, Euskaldunberri!
    Istorio fin horiek irakurtzeko irrikan…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude