Furoshiki, opariak biltzeko arte japoniarra

furoshiki0-680x500Furoshiki, edo nola ahaztu betirako oparitarako papera, eta birziklapenaren alde egin. Horrelako izenburua ere izan zezakeen post honek. Oparitarako paper erabiliz beteta al daukazu kaxoiren bat? Ba nik bai, Olentzerok joan den lau urteetan ekarri dizkigun oparien paperak txukun-txukun, zeloak kenduta, ongi tolestatuta; horrelaxe jaso ohi ditugu gure etxean. Horregatik, furoshiki delako honek atentzioa eman dit.

Berez oihal karratu bat besterik ez da. Kultura japoniarretik datorkiguna, han edozein objetu babestu eta garraiatzeko mendeetan erabili izan dutena. Eta orain, hona ailegatu zaiguna. Izan ere, badirudi joera berria bihurtzen ari dela gure artean; bai opariak biltzeko, bai elikagaiak biltzeko. (ardo botilak esaterako).

Furoshiki erabilita, birziklapenaren alde ari gara egiten, nabarmen. Urte gutxian plastikozko zorroak alboratzen eta gutxitzen,  eta oihalezkoak erabiltzen hasi gara, eta orain oparitarako paperari iritsi zaio txanda. Plastikozko poltsekin zabor mordoa sortzen genuen bezala (berrerabiltzen ez bagenituen, noski!), oparitarako paperarekin ere zaborra sortzen dugu. Japoniatik datorkigun ohitura honekin, zorroa eta oparitarako papera uztartuko ditugu, eta horretarako, oihal soil bat besterik ez dugu beharko. Hori bai, oihal dotore eta xarmatsuak erabiliz gero, askoz dotoreagoa izango da gure oparia!

Japonian gazteek ekin diote berriro furoshiki erabiltzeari, esan behar baita, joan den hamarkadetan, kontsumo gizarteak hala sustatuta, galtzear egon dela ohitura hau. Orain berriz, benetako glamourra duen oparia egin nahi izanez gero furoshikia erabili behar da. Luxuzko produktuekin hasi dira erabiltzen, baina azkar ari da hedatzen. Muga elikagai freskoetan dago, antza ez baita oso egokia horretarako, zikintzeko beldurra izango da ziurrenik. Arropa, liburuak, boteilak, tupperrean sartutako jakiak (bonboiak, gailetak, mermeladak…), kaxak etab. dira oihalean bildu eta oparitzen direnak. Oparia zenbat eta garestiago, oihala ere berdin, bitxiak esaterako zetazko oihalean bilduta oparitzen dira.

Arte izugarria da, abildadea ere bai, eta internet bideo erakustailez betetzen hasi da. Honako bideo honetan argi ikus dezakezue zein pauso eman behar diren hainbat objetu furoshiki erabiliz ongi biltzeko. Tolestaketa eta korapiloak, ez du beste sekreturik, baina ongi egiten jakin behar!

Furoshiki-02

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Egilea: Ilena
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude