Futbolaren inguruko guztia

futbolbaloiaIkasturtea amaitu dugu, eta gustura gaude egindako lanarekin. Baina oporretara joan aurretik, futbolari buruz idatzi nahi nizueke, ezingo baitut atsedenik hartu gai honi buruzko nire iritzia azaldu gabe. Ikasturte osoa daramat plantak eginez; bai, bai, futbola axola zaidanaren plantak eginez. Astelehenero Errealaren partiduaren emaitza interesatzen zaidanaren plantak egin behar izan ditut, zuri-zuri. 

Baina ez zait piperrik axola, beno, are gehiago, nazka ere ematen dit gaur egungo futbolak. Hori ezin da zenbait ikasleren aurrean esan, zeharo minduko bailirateke; eta, badakizue, denekin ondo konpondu beharra dago. Eta ez dira gutxi, ez horixe, adin eta sexu guztietako futbolzaleak baititugu gure artean. Espainiako Futbol Liga bukatu ondoren, Brasilgo Futbol Mundiala ari zaigu egurrean, eta batzuk kazkabar-erasoa ari duenean bezala gaude; uzkur eta noiz bukatuko den zain.

Horregatik uste dugu kritika zorrotza behar dela, eta zorakeria hau kuestionatzeko beharra badagoela. Mundiala aitzakiatzat hartuko dugu, baina gertakari puntuala da, izan ere, futbola urte osoko alienazio zeremonia erraldoia bihurtu zaigu. Ia edozein unetan eta tokitan baitago futbola egun, eta diru kontua besterik ez dela pentsatzen hasia nago. Hara bestela; irratsaio eta telesaio bereziak, egunkarietan duten atal zabala, egunkari bereziak, markako arropa garestia, haurrentzako eskola pribatuak, futbol klub ustelak (diru publikoz lagunduak!), milioiak mugitzen dituzten apustu eta joko horiek, futbolarien soldata eskandalagarriak etab.

Nik ez daukat ezer jolasaren kontra, eta jokoaren kontra ere ez. Futbola joko profesional egitea ere ez zait berez txarra iruditzen, baina gaur egungo ikuskizun itogarri hau, hau ez, hau gehiegi da. Baloiarekin jolas egitea polita da, dibertigarria, baina jolas, edo joko, atseginaren lehen araua borondatezkoa izatea da, eta hemen, gaur, futbola ia derrigorrezko zerbait bihurtu da. Ezjakinok ere behartuta gaude Errealak edo selekzioak zer egin duen jakitera. Eta aspertzen hasita gaude

Brasilgo Futbol Mundialak ederki asko azaltzen digu, ordea, gaur egungo futbola zer den. Brasilen sekulako zaletasuna dela baliatu nahi izan dute, baina zeren gainean eraiki da txapelketa hau? FIFA bezalako erakunde ustel batek zer nolako bidegabekeriak egin behar izan dituen nabarmen geratu da, gobernuen laguntza dela medio, horrelako ikuskizun itzela nola eratzen den argi ikusi ahal izan dugu. Protestak sekulakoak izan dira, eta ez dute arrazoirik falta. Jatorriz den jolas alaia akabatzeko sortua dela dirudi, milaka kirol kazetariren bazkarako, noski.

John Oliver kazetari amerikarraren hitzekin bukatu nahi nuke, haren ustez futbola da gaur egungo erlijio garrantzitsuena, eta FIFA da bere eliza. Brasilen, herriak berak ez daukan dirua xahutzera behartu du gobernua, eta zor handiak hartuz, zamatuz, katedral modernoak eraiki dituzte. Zertarako ordea?

futbolmakilak

 

Egilea: Pinpilinperpauxa
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Erantzun bat Futbolaren inguruko guztia-ri

  1. martaezquereee@gmail.com' egilea: marta ezquerecocha

    Ados nago idatzi duzun guztiarekin, egiaz beteta dagoela uste dut.
    Futbola kirol polita da bai jokatzeko eta bai ikusteko, baina honekin egin dutena arazo bihurtu da. Alde batetik, globalizazioaren oinarri garrantzitsuenetariko bat bihurtu delako, izan ere eta zuk esan duzun bezala, gure talde maitearen kamisetak, motxilak, prakak… erosi behar ditugulako. Beste aldetik, “holligans” bezalako taldeak sortu dira mundu guztian zehar, eta horrek ez du kirolaren maitasuna erakusten, futbolak sortu duen mafia baizik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude