Gabriel Arestiren “Harri eta Herri” liburuak 50 urte

gabrielaresti Gaur, maiatzak 15 osteguna, Klasikoen VII. Irakurketa ari dira egiten Bilboko Arriaga Antzokian. Goizeko zortzietan hasita, hamabi orduz egingo da irakurketa. Euskara ikasleei gorazarre egiteko ekimena da Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutakoa.

Aurtengorako, Gabriel Arestiren lan bat aukeratu dute. Izan ere, orain 50 urte argitaratu zen Gabriel Arestiren Harri eta Herri poesia liburua, eta erreferentziazko lana bilakatu da geroztik. Liburu hau hainbat arrazoirengatik, euskal poesiaren historian iraultzailea izan zen.

Gabriel Aresti Segurola (Bilbo, Bizkaia, 1933 urriaren 14a – Bilbo, 1975 ekainaren 5a), euskal idazlea eta poeta izan zen, XX. mendeko euskal literaturaren berritzaile handienetako bat. Gaur, bere poesia lan ezagun hau aitzaki hartu, eta berari buruzko artikulua idaztera gatoz. Poeta sozial eta iraultzaile bezala definitu dute, eta poeta hiritar ere bai.

Euskaldun berria zen Gabriel Aresti, gurasoak baserritar jatorriko “euskaldun galduak” zituela esan ohi zuen berak, eta hala, nerabezaroan hasi zen euskalduntzen. 21 urte zituela argitaratu zituen bere lehen poemak eta 10 urte geroago, 1964an bere lanik esanguratsuena eman zuen argitara Zarauzko Itxaropena Argitaletxearekin: Harri eta Herri. Arestirentzat, literatura tresna soziala da eta poesia herriaren kontzientzia pizteko arma baliagarria. Literatura gizartea aldatzeko gai dela uste duten horietakoa genuen Aresti. Hala, poesia mailuarekin alderatu zuen: “Esanen dute / hau /poesia / eztela,/ baina nik / esanen diet / poesia / mailu bat/ dela (“Poesia”, 1963).

Bere obran, euskara batua izan zen beste ardatzetako bat. Ez alferrik, esana da, bere obren ia izenburu guztietan dagoela “h”ren bat. Izan ere, Aresti batuaren sustatzaile aparta izan zen. Bere ustez, hizkuntza ereduek ikuskera sozialak eraikitzen dituzte, eta horrela; kultura-eredua eta hizkuntza eredua banandu ezin diren bi kontzeptu dira. Bere euskara, argia, herrikoia eta aldi berean kaletarra dela esan izan dute bere aztertzaile eta biografoek. Halako hizkuntza egin zuen bere.

1957an Euskaltzaindiako urgazle izendatu zuten. Aldi berri baten barruan, euskara batuaren gurasoen artean koka dezakegu, Koldo Mitxelena, Fr. Luis Villasante eta Txillardegirekin batera. Hasiera haietan euskal idazleek erabili zuten Euskara Batuaren Kutxa bezalako lanen egilea izan zen, batasunaren hastapenetan hiztegi eta morfologia batu bat proposatu zituelarik. Gai horren harira, garai hartako eztabaida gogorretan parte hartu zuen, euskara batuaren aurka zein alde zeudenekin. Artikulu eta gutunen bitartez, 60-70. hamarkadetako euskal intelektual nagusi guztiekin izan zuen iskanbila dialektikoren bat edo beste.

Literaturako genero guztiak jorratu zituen: poesia, narrazioa, teatroa eta saiakera. Kriseilu antzerki taldearekin elkarlanean, euskal teatro berriaren aitabitxi izan zen. Itzultzaile bikaina ere bazen, eta literatura unibertsaleko hainbat lan euskarara itzuli zituen, besteak beste T.S. Elliot, Bocaccio, James Joyce eta Bertold Brecht. Bitxikeria moduan esan,  Guardia Zibilak, haren etxean egindako miaketa batean, James Joyceren Ulises eleberri erraldoiaren itzulpen esku izkribatua konfiskatu ziola; paper-sorta hartaz ez da ezer gehiago jakin.

Gune poetiko berriak eskaini nahi dizkio Euskal Herriari: mendi-kaskoen eta erreka-zokoen edo udaberriaren ederra baztertu gabe, lanaren, izerdiaren eta mailuaren hotsaren poetikotasuna erakutsiz. Eta nola ez, Bilbo, euskararen mapan Bilbo kokatu zuen poeta izan dela azpimarratu izan da maiz.

1975eko ekainaren 5ean, gazte eta etorkizunez beteta hil zen, 41 urterekin gibeleko eritasunak jota.

 

 

Egilea: Pintto
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude