“Gaur ez, bihar egingo dut”

procras“Ez utzi biharko, gaur egin dezakezunik” dio aipuak, eta esaera zaharrek ere horixe diote: “egon dioenak, bego dio”, “bihar da gero”, “bihar arinago eta hobeto”,” gero, bihar eta sekula ez, senideak dira” eta “gaur zer edo zer eta bihar ezer ez”.
Baina, hala ere, biharko uzten ditugu lanak eta zereginak. Horri buruz aritu gara ikasgelan aste honeta, eta gai mamitsua dela konturatu gara.

Psikologian prokastinazio sindromea deitzen zaio, bai, badu izen potoloa! Lehendabizi sindromearen deskribapen zehatza egin dugu, horretarako Ikasbilen topatu dugu irakurgai interesgarria. Latinez “pro” eta “castinus” hitzen batura dugu prokastinazioa terminoa, “aurrera” eta “etorkizunari dagokiona” kontzeptuen batura; hau da, gure lan, ekintza eta zereginak gerorako uzteko ohitura edo joera; baina aldi berean, horien ordez beste lan, zeregin edo ohitura atseginago edo errezagoak egiten ditugularik.

Pertsonaren jokamoldearen arazoa omen da hau, nahasmen mota bat. Egoneza eta antsietatea sortzen dizkiguna, izan ere, egiteke zereginak egiteak nekea sortzen digu. Nekearekin batera astuntasuna, erruduntasuna, ezinegona, konfidantza falta, aspermena eta beste sentimendu eta emozio gehiago ere bai. Eta hala ere, hori dena jakin arren, ezin aurrean zain dugun horri ekin! Bitxia da gero…

Hizpide izan dugu denboraren kudeaketa ere. Badirudi denbora kudeatzen berez ikasten dela, eta ez da egia. Ikasgelan horrekin konturatu gara, pertsona batzuk hobeak direla besteak baino euren denbora kudeatzen. Gaur egun aholkulari profesionalak ere badaude horretarako, baina tira, guk oinarrizko ideia batzuk landu ditugu.

Lehenengoa gure lanak zatitzea da, hau da, oso-osorik eta kolpetik egin ordez lan hori zatitzea. Horrela, egunero denboratxo bat eskainiko diogu, eta ez gara ezinegonez itota sentituko. Azterketak prestatu behar dituzten ikasleekin akordatu gara batez ere aholku hau komentatu dugunean.

Helburuak argi izatea ere komenigarria da, idatziz zerrendatzen dituela esan digu ikaskide batek, eta hartara betetzen dituen edo ez kontrolatzen duela. Neurtzeko moduko helburuak izan daitezela, eta epeak ezarri eta betetzea gomendatu dio beste batek albotik. Ez dago gaizki esana, ezta?

Gure lan edo zeregin horretan ari garelarik, kontzentrazioa zaintzea ezinbestekoa da. Beraz, amatatu telefonoa eta ez erabili internet. Sare sozialetan (Whatsapp, Facebook eta antzekoak) eta interneteko hainbat webgunetan kateatuta geratu eta distraitzea oso samurra da, eta hori sahiestu behar dugu nola edo hala.

Beno, horiek dira gai honi buruz blogera ekarri nahi genituenak. Ea zuei ere zer pentsatua edo hizpidea sortzen dizuen!

Egilea: Mitxoleta
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude