Gezurra iruditu arren

Alguna-vez-fui-joven-936x536Gezurra iruditu arren, behin batean gazte izan nintzen; eta, gazte izateaz gain, lana ere eduki nuen. lzugarrizko lana, gainera. Egin nezakeena baino askoz handiagoa. Hori entzutean, gaur egungo edozein gaztek zorioneko izan nintzela pentsa lezake, baina, garai hartan, nik ez nuen horrela sentitu.

Aitzitik, dela lanpostu hark ahalegin handiegiak eskatzen zizkidalako, dela urduri eta arduratsuegia izan naizelako beti, lanak ito ninduen. Hain estresatua nengoela, nagusiak berak eguerdiro cognac kopatxoa hartzeko gomendatu zidan, animoa altxa nezan. Haatik, nik ez nion inoiz ere aholku hura aintzat hartu, neukan lan zama harekin alkoholiko bihurtzeari beldurra nion-eta, Baina bera tematu zen eta, bigarren saialdi batean, ilea horiz tindatzeko proposatu zidan, ea horrela nire izaerari alaitasun kutsua emateko gauza nintzen. Cognacari uko egin banion ere, ilea tindatzearekin zalantzan egon nintzen. 

Agian, enpresa hark langile ilehoridunak behar zituen, eta horrela bazen, ni tindatzeko prest nengoen. Baina, konturatu ere konturatu nintzen, beltzarana izanik, ilea, luzatzean, iluna aterako zitzaidala berriro eta, behin tindatzen hasita, bizitza osoan tindagaia gora eta behera ibili beharko nuela. Eta erabaki zuzena zein izango ote zen hasi nintzen pentsatzen. Eta horrela igaro nituen egunak, hilak, urteak. Jubilatu nintzen arte. Kontatutako hori guztia aspaldi batean gertatu zen, oraindik gaztea nintzenean.

Gaur egun, urte haiek oso urrunak iruditzen zaizkit, eta irribarrea ere eragiten didate, baditudalako burua berotzeko beste mota bateko kezkak. Ez dut ondo lo egiten, gaua oso-osorik, hotzikaratik beroaldira pasatzen dudalako. Beraz, goizean goiz jaiki eta, kale-garbitzaileak oraindik lanean ari direla, etxetik ateratzen naiz, emaztea ohean utzita. Boulevardeko kioskoan egunkaria erosi ohi dut, eta ondoko bankuan esertzen naiz. Bost minututan egiten diot errepaso azkarra baina, sarritan, artean azken orrialdera iritsi ez naizelarik, txizagura etortzen zait.

Ordu horietan, bai taberna gehienak, baita komun publikoak ere, itxita daude oraindik eta, ondorioz, maskuria kontrolatzen saiatuz luzaro egoten naiz. Gehienetan lortzen dut. Baina onartu behar dut, lotsagarria izan arren, behin baino gehiagotan txoko batean txiza egin behar izan dudala; ni, gizon heldua, hemezortzi urteko mozkorren antzera, toki aproposagorik ez baitago hiri osoan.

Egunkarian betiko berriak irakurri ondoren, kairantz joan ohi naiz, eta handik, harresiaren gainetik jarraitzen dut nire ostera. Ez da arraroa bide erdian gelditzeko beharra izatea, hanketako minek beharturik. Eta hotz gehiegi egiten ez badu, Portaletasen esertzen naiz; aitzitik, eguraldia aldekoa ez bada, aurrera jarraitzen dut, nola edo hala, eta Santa Mariako eskilarak banan-bana eta pazientzia handiz jaitsi ondoren, etxera joaten naiz. Leher eginda iristen naiz atarira!

Eta eskerrak duela urte batzuk igogailua jarri genuen! Bestela, bi egunetik behin atarian bertan egin beharko nuke lo, lau solairu gehiegi baititut oinez igotzeko: 73 eskilara maila, hain zuzen. Ezinezkoa bi solairu ozta-ozta igo ditzakeen ni bezalako agurearentzat. Etxean sartzen naizenerako, emaztea jaikita egon ohi da. Beti galdetzen dit ea zertan ibili naizen kanpoan hain goiz oraindik kaleak “jarri gabe” daudela. Eta ez dakit zergatik baina, nire gaitzak azaldu beharrean, ziriren bat sartzen diot, eta oraindik erdi lo egoten denez, oso-osorik sinesten du.

Esaten diot badakidala aitona bihurria naizela, eta, behin esnaturik, ezin dudala ohean luzaro iraun. Horregatik, goizean goiz jaiki, eta bost minutu besterik ez ditut behar izaten kalean egoteko. Boulevardeko kioskoan egunkaria lapurtu dudala ere kontatzen diot, eta lurrean eseri naizela, apatx, irakurlearena eginez: baina berriei erreparatu gabe, zeren benetan begiratu, egunkariaren babesarekin, noski, nire aurretik pasatzen ari zen neska gazteari begiratu diot. Eta despistatuta ikusi  dudanez, begiratu ez ezik, bere atzetik joan ere joan naizela, eta ipurdian atximurkada egin diodala.

Haserretu da biziki; baina niri bost. Zeren, urte pila baditut ere, gazte gehienak baino azkarragoa naiz oraindik, eta kairantz ihes egin diot oso erraz, gainera. Ordurako, emaztea sukoldeko mahaian eserita egoten da, oraindik ondo esnatu gabe, eta arreta egiteko ezgauza. Eta hori da nik aprobetxatzen dudana ziria handitzeko. Horrela, neskarengandik ihes egitean maskuriak egin zirikatu nauela ere azaltzen diot, eta udaletxeko atarian bertan txiza egin dudala, alkate jauna izorra dadin! Eta, gero, harresiaren gainetik korrika eta soltoka ibili naizela antxetak uxatuz. Eta antxetek Urgullerantz hegan egin dutela, karranka eginez, eta beraien atzetik igotzeko prest nengoela, baina txizagurak eraso egin zidala berriro, eta Santa Mariaren horman arindu naizela, nire kristau kontzientziari batere jaramonik egin gabe, lotsagabe hutsa naizela.

Pittin bat gortua badago ere, emazteak oso ondo entzun ohi du esandako hori, eta honakoa oihukatzen dit: “Rikardo!”. Baina nik eskua ahoan jarri, eta esaten diot Jainkoak barkatzen didala, berak badakielako prostatatik jota dagoen aitona bihurria besterik ez naizela. Izan ere, zigortu nahi izan banindu, erretore azkarragoa jarriko zuen Santa Marian; zeren parrokoa nire atzetik atera da, baina saiatu bada ere, ezin izan nau ni harrapatu! Eliza atariko eskilara guztiak salto batean jaitsi ditudalako. Horrelako basakatua naiz-eta!

Dagoeneko erabat esna, emazteak aho bete hortz begiratu ohi dit, eta ni harrotu egiten naiz eta ahoberokeriarik erraldoienak asmatzen ditut. Esate baterako, 31 de Agosto kaletik korrika jarraitu dudala oinak pareten gainean jarriz, ibiltarien gainetik salto eginez parcour gisan. Edo uhartera igeri egiten joan, eta etorri ere egin dudala. Edo Buen Pastorreko dorrea sokarik gabe eskalatu dudala… Eta beste hamaika egitandi, zein baino zein sinestezinagoa.

Berak harrituta begiratu, eta nekatuta egongo naizela esan ohi dit : “Nekatuta, ni? Ez horixe!”. “Hamaiketakoa egiteko ordua izango ez balitz, berriro errepikatuko nuke egindako guztia!”. Berak ogitartekotxoa prestatzen dit, eta, eskaini baino lehen, alkandora aldatzeko eskatzen dit, hainbeste ariketa egin ondoren izerdiz blai daukat-eta. Eta bere burua ultra heroiaren emaztearena balitz bezala ikusten du. Nik neuk ere, egunero horrelako istorio harrigarriak errepikatzearen poderioz, gero eta zailtasun handiagoak dauzkat benetan egiten dudanaren, eta nire irudimenaren ekoizpena besterik ez denaren arteko muga bereizteko.

Ez naiz horregatik kexatzen, guztiz kontrakoa! Oso zoriontsu naiz, buruak emandako indarrarekin bakarrik katedraleko dorrea eskalatutakoan, eta, goian naizenean, errealitatea nire gustuko kolorez margotzean. Nik asmatutako isipuarekin sortzen ditudan ikuskizunak benetan paregabeak izaten dira: Kontxako itsaso horia, Loiola kaleko zuhaitz urdinak, Adarrako elur gorria…

Eta aspaldi hartan izan nuen nagusi haren tindatutako ilea! Ikusten dudanean, dorretik jaisten naiz salto batez, eta berarengana hurbiltzen naiz. Asko poztu ohi gara biok elkor ikusitakoan, eta nik cognac kopatxoa hartzeko proposatzen diot; baina berak ez du onartzen. Medikuak alkohola aspalditik debekatu ziola esaten dit, eta nahikoa duela, beraz, kafesnetxo batekin. Tabernan sartzean, komunera joaten da beti, eta nik, bitartean, bi kafesne eskatzen ditut. Itzulitakoan, goitik behera begiratu eta oso itxura ona dudala esan ohi dit. Nik, ordea, ilea berde zer dela eta daraman galdetzen diot Eta berak, kafeari eragin eta erantzuten dit, ez duela ezagutzen zahartzaroa alaitzeko beste modurik. Eta behar-beharrezko duela, gainera, zeren prostata alu horrek erotu egingo baitu.

Jarraian, buruz dakidan sintoma zerrenda errezitatzen dit: ohean beroaldiak eta hotzikarak tartekatzen zaizkiola, nekez ibil daitekeela kilometro bat eseri gabe, hankak izugarri nekatzen zaizkiolako, eta txizagurarekin kokoteraino dagoela, ez baitu ezta ordubete ere uzten bakean, goibel, isildu egiten da. Nik, uneari seriotasuna kendu nahian, txantxetan, ilea mozteko keinua egiten diot hatzekin; baina, berak ez du aurpegiera aldatzen, eta burura begiratzen dit. Eta gogororazten dit, behin batean niri ere ilea tindatzeko proposatu zidala, baina ez nuela egin. Galdetzen dit, ea ez dudan orain ilea tindatzeko beharrik izaten. Nik ezetz erantzuten diot, inongo beharrik ez dudala.

Baina bera tematu egiten da, hori saihestea nola lortu ote dudan jakin nahi du-eta. Eta nik, irribarrea behartuz, jada eskarmentu gabekoa eta kezkatia zen gaztetxo hura izateari utzi niola azaltzen diot, eta cognacari beldurra galdu badiot ere, sagardo botila batekin nahikoa izaten dudala animoari eusteko. Ilearen koloreari dagokionez, berdin zaidala ilehoria, beltzarana edo ile urdinduna izatea;, ileak burua berotzeko besterik ez duelako balio, eta nik burua hotz mantentzea lortu dut. Orduan, barrez, txapela kendu, burua erukutsi eta laster 80 urte beteko ditudala azaltzen diot eta, zorionez, gaur egun burusoila naizela.

Euskaldunberriak bere aitari, Rikardori, eskainitako idatzia

Egilea: Euskaldunberria
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude