Goierri ezagutuz

txindokiOporretan gaudela aprobetxatuz, gaur txango bat proposatuko dizuet. Ez, ez goaz hurrun, ez goaz atzerrira, bazter txundigarriak ezagutzeko ez baitago hegazkina hartu beharrik. Basque Highlands esanda erakargarriago geratuko da askorentzat baina gu Goierriri buruz ariko gara.

Izan ere, Goierrik baditu ezagutzeko moduko mila bazter txundigarri. Ordizia, Ormaiztegi, Beasain, Segura, Zerain, Mutiloa eta Idiazabal bezalako herri dotoreak, Txindoki eta Aizkorriren moduko mendi miresgarriak; naturaren edertasunaz gozatzea da Goierriko txango honetako asmo nagusietako bat.

Ibilbide bat aukeratzen jarrita Mutiloa-Ormaiztegi Bide Berdea egitea proposatuko dizuegu gaur. Goierriko Meategia deritzon eremua ezagutuko dugu ibilbide honetan, bertan ikusiko baititugu burdin minerala ateratzeko baliatu izan zituzten meatzak. Ibilbidea baserri eremu lasai eta eder artean egindako paseo atsegina ere bada, neke handirik gabea; 6,3 kilometroko luzera baitu eta, beraz, bi ordu eskasean egingo duzue. Asko nekatu gabe gainera, 95 metroko desnibela besterik ez baitu. Oinezko zein txirrindularientzat egokia, noski.

Ibilbidea bi modutara egin dezakegu, lehenengoan abiapuntua Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoan ipiniko dugu eta bertatik Mutiloarantz joko dugu. Bide Berdeen ibilbidea ederki markatua duzue, eta galtzeko arriskurik gabe iritsiko zarete Mutiloara. Bide hau da motzena, 4,5 kilometro hain zuzen ere.

Bide Berdeari Mutiloan ematen badiogu, hasiera 1,9 kilometro gehiago gehituko dizkiogu. Mutiloa udalerria, eta Barnaola baserria lotzen dituen Troi Bidea egitea merezi du. Asfaltozko pista batetik gora egingo dugu, belardiak eta baserriak lagun ditugula. Apur batean bidetik aldenduko gara, eta Idiazabalen, izen bereko gazta ezagunaren sorterrian, geldialdia egingo dugu. Gazta apur bat janez, aurrera jarraitzeko indarrak har ditzakegu.  Asfaltozko pista utzi eta bidezidor bati helduko diogu, harrizko errotak ikusteko. Behera egingo dugu, errekaren bideari paraleloan jarraitzeko. Ibilbidearen zatirik ederrenetako bat da honako hau, zalantzarik gabe. Ondoren meatzarien garaiko lehenengo aztarnekin (hala nola, dekantazio-putzuak) egingo dugu topo.

Anima zaitezte, baietz gustatu!

Egilea: E-pistola
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude