Hegaluzea kontserban

  • Udako ohitura izaten dugu urtero hegaluzea kontserban ipintzea. Lehen etxe gehiagotan ere bazen ohitura hau baina esango nuke azken urteotan galtzen ari dela. Niretzat sekulako luxua da hegaluze freskoa, kaitik ekarri berria, oliba oliotan ipini eta urte osoan jan ahal izatea! Merkea, ona eta goxoa geratzen baita!


Jaki hau prestatzeko modu bakarrik ez dago, kostako herri bakoitzak ia modu bat duela ere entzun izan dut. Norberak bere errezeta du dudarik gabe! Hemen gurea ematera goaz baina aurretik Igor Zalakainen errezeta hau aipatu nahi nuke, ezagutzeko modukoa iruditu baitzait.

OSAGAIAK
– Hegaluze zatitua eta garbitua, bost kilo
– Gatz larria, 150 gr. inguru
– 10 litro ur
– Oliba olioa
– Kristalezko ontziak
– Maindire zahar bat

PRESTAKETA
– Urari gatza bota lehenik. Gatz nahikorik baduen ziurtatzeko arrautz bat botatzen diogu guk, arrautza urazalean geratzea nahiko gatz baduen adierazgarri baita.
– Ondoren hegaluze zatitua ipiniko dugu, hezur eta guzti. Irakiten hasten denean etengabe behatuko dugu nola dagoen. Hezurraren alboko haragia egina dagoenean (odol kolorea ilundutakoan) sua itzaliko dugu. Ondo egina eta lehorra egon beharko du.
– Zatiak kontuz aterako ditugu, apurtu gabe, eta maindire zahar baten gainean zabalduko ditugu ondo lehor daitezen. Zortzi bat ordu utziko ditugu hoztu eta lehortu daitezen.
– Orain hezurrak, azalak, zein zati itsusiak kenduko ditugu eta haragi zati garbiak kristalezko ontzietan ipiniko ditugu. Oliba olio gordina isuriko dugu ontzietara eta hegaluzea tapatu egingo dugu baina kristalezko ontziaren ahoari pare bat zentimetroko tartea libre utzita.
– Ontziak ondo itxi eta lehen erabilitako lapikoan ipiniko ditugu kontuz, puskatu gabe (komeni da hondoan esku trapu zahar bat ipintzea). Urez tapatuko ditugu eta maria bainua eman ordu erdiz.
– Ura epeldutakoan atera eta jaso egingo ditugu. Komeni da hilabete pare batez pakean uztea, zaporea indartzeko atsedena behar baitu.

Egilea: Legazpi6
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude