Hondakin elektronikoak

Gure eguneroko bizitzan erabiltzen ditugun tresna elektrikoen kopurua ikaragarri handitu da, azken hamarkadaotan. Hazkunde horren ondorioz, hondakin elektrikoak ere bidertu egin dira gure hirietan, eta haien kudeaketa, beraz, gero eta zailagoa da. Hori ez ezik, gero eta garrantzi handiagokoa ere bada, tresna horiek isurtzen dituzten elementuak oso toxikoak baitira.
Europako hainbat herritan, badaude hondakin horien kudeaketa bideratzen dituzten legeak. Haien arabera, zaborra elektrikoa birziklatze edota berrerabilpenerako zentroetan tratatu behar da. Tresna elektriko berri bat erosten dugun bakoitzean birziklatzeko tasa ordaintzen dugu tratamendu hori mantentzeko, edo hori pentsarazten digute, behintzat.

Patrikan daramatzagun mobil txiki horiek guk inoiz egingo ditugun baino kilometro gehiago egin dituzte guregana iritsi baino lehen. Nondik etorri zaizkigun jakiteko haien etiketa begiratu baino ez dugu egin behar. Non bukatuko diren, berriz, ez da hain erraz asmatzen. Zabor elektrikotik badago etekinak ateratzea, eta ondorioz, legez kanpoko merkatua sortu da.

Espainiako kontsumitzaileen elkartea (OCU) hondakin elektronikoekin gertatzen dena aztertzen saiatu da. Horretarako, GPSa jarri hainbat elektrotresnatan eta utzi egin ditu garbigune eta denda ezberdinetan. Utzitakoen %20k soilik bukatu zuen birziklatze zentroetan, gehiengoa legez kanpoko merkatuan desagertu zen.

Gure zabor elektrikoak Afrikan aurkitzen duela haren azken geltokia salatu dute han lan egiten duten Gobrenuz Kanpoko Erakundeek (G.K.E.). Ghanan, adibidez, urtero jasotzen dituzte milaka tona hondakin, berrerabiltzeko aitzakia dela medio. Kontrolik gabeko zabortegietan bilduta, eskubiderik ez duten langileek hondakinak txikitzen dituzte kobrea eta beste metal batzuen bila. Aurkitzen dutenaren truke euro bat ateratzen dute, bataz beste, egunero.

Daukaten bizimodu horrek oso eragin kaltegarria du haien osasunean. Kobrea, aluminioa edota burdina ateratzeko erabiltzen dituzten prozesuek toxina minbizi-eragileak askatzen dituzte, eta egunero hamabi ordu luzez arnasten dituzte horiek langileek. Haien osasunean ez ezik, ekosisteman ere ondorio larriak izan ditzakete. Askatutako toxinaren kopuru bat lurrean finkatzen da, eta, horrela, han hazten diren barazki guztiak kutsatzen dira. Baratzetik merkatuetara eta denbora gutxitan toxinaren eragina zabaltzen da herrialde osoan. Besteak beste, Ghanako Agbogbloshie-aldeko lurzoruetan egin diren neurketan berun, merkurio eta kadmio maila altuak aurkitu dituzte ikerlariek.

Ghanakoak oso urruti badaude ere, hemen, patrikan, badugu gehienok merkurio eta kadmio pittin bat beraientzat. Gobernua, beste hainbat kasutan bezala, ikerketa bat egitearen alde agertu da baina mundua ustelduko dugu denon artean ustezko ikerketa horrek ondoriorik izan baino lehen. Beraz, zerbait aldatzekotan, guk geuk hasi beharko dugu gure ohiturak aldatzen eta, agian, nahiz eta azken modeloa ez izan, patrikakoa ez aldatzea izan daiteke lehen pausoa.

Idoia Iglesias, KomaHantxeren ikaslea. Donostia.

Egilea: KomaHantxe
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

2 erantzun Hondakin elektronikoak-ri

  1. mendiitu@yahoo.es' egilea: Jon

    Iepa, Idoia:

    Garatu duzun gaia ongi ezagutzen duzu? Ze jakin nahi nuke ea zergatik ez den hondakin elektroniko hauen birziklatze industriarik sortu, Europan, adibidez.

    • idoiaiglesias@gmail.com' egilea: Idoia

      Kaixo, Jon:
      Gaia ez dut menperatzen baina hala ere saiatuko naiz erantzuten: birziklatze-industria sortzeko saiakerak egin egin omen dira, baina etekin handirik sortzen ez dutenez…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude