Hummus, arabiarren garbantzu patea

hummusEguraldia freskatzen hasi den honetan, eltzekariak jateko gogoa izango du berriro zuetakoren batek; garbantzu platerkada bero bat adibidez. Beno, ba garbantzuak egosten dituzuenean ez jan denak, jaso batzuk hummusa egiteko.
Herrialde arabiarretako pate goxo hau oso erraza da egiten eta aukera anitz ematen du; zizka-mizka moduan jan daiteke, askaria izan daiteke, edota plater nagusia.  

Barazki gordinekin jan ohi da; apioa, azenarioa edo porrua tira finetan moztu eta pate honetan igurtzita jan ditzakegu. Ogi xigortuarekin ere ederra da eta baita beste plater askotako saltsa lagungarri gisara ere (gure mahonesaren pareko).

OSAGAIAK (sei lagunentzako patea egiteko)

250 garbantzu lehor
6 goilarakada tahini (sesamo krema, xigortua hobe gordina baino)*
3 goilarakada oliba olio birjin
3 baratxuri ale txikitu
6 goilarakada limoi zuku

PRESTAKETA

Garbantzuak beratzen ipiniko ditugu gau osoan. Garbitu, gatza bota eta egosi, ondoren hozten utzi. Garbantzuak ondo iragazi (iragazterakoan ez bota egosterakoan erabilitako ura) eta pixkanaka gainerantzeko osagaiak gehituko ditugu; banaka-banaka eta irabiagailuarekin ondo txikituz: lehenik tahinia, ondoren oliba olioa, txikitutako hiru baratxuri aleak eta sei goilarakada limoi zuku.

Orea oso lehorra dagoela ikusten badugu egosten erabilitako ura gehituko dugu pixkanaka gure gustoko itxura lortu arte, norberaren aukera izango baita ore lodiagoa edo mehexeagoa egitea. Nahi izanez gero une honetan piper mina, piper beltza eta gatza ere gehi daitezke, norberaren bizitasun nahiaren arabera.

Apaintzeko pinazi xigortuak edo menda beltz txikitua ipin dezakegu gainean, hori izan ohi da herrialde arabiarretako ohitura. Zapore indartsuegia duela irudituz gero edo umeentzako zapore arinagoa duen hummusa egin nahi izanez gero yogur natural bat edo 50 gr. gazta krema gehitu ditzakegu. Jan aurretik ordubetez edukiko dugu hozkailuan.

On egin!

(*) Tahini edo sesamo krema edozein belardenda edo jakin finen dendatan topatuko dugu.

Egilea: Legazpi6
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Erantzun bat Hummus, arabiarren garbantzu patea-ri

  1. leire.goi@gmail.com' egilea: leire

    mmmm! Bai goxoa! Proteina asko ditu gainera, eta oso osasungarria da! Apetitu handiegia izanez gero, aproposa!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude