Idazlankeriak

Gaur, Gure Jaunaren argiak zorrotz esnatu nau, eta edozein egunetan pasa-txandako kontuak izango liratekeenak zama astun bihurtu zaizkit erraietan. Hori dela eta, orain dela gutxiko azterketa-deialdi bateko idazlanetan ikusitako eta “gozatutako” hainbat harribitxi zuei helarazteko gustua eman diot neure buruari. Ea, bada, nik idazlankeria izenez bataiatu ditudan horietako batzuk azter ditzagun:

–    Idazlanaren izenburua “Elikadura gaur egun” den batean, idazlanaren hitz gakoa den eta izenburuan bertan agertzen den hitza “helikadura” idazten duen artistaren kasua dugu lehendabizikoa. Niri bi bertsio bururatzen zaizkit hori azaltzeko. Izan liteke euskara batuaren garapenarekin disgustuan geratu den lapurtar erradikal baten ekarpena, baina idazlana egin zen urtea kontuan hartuta, 2011, nik lepoa egingo nuke gure kasua urte horretan bertan langabezian geratu den pertsona batena dela. Izan ere, horrelakoek egunkari erradikalak irakurtzeko joera gaitzesgarria hartzen dute, eta krisia-eta-krisia baino ez dagoela hainbestetan irakurtzearen poderioz, ez zaie buruan sartzen jendea janariaz elikatzen dela, eta, antza, helioaz-edo elikatu behar dugula pentsatzera heltzen dira. Horregatik helikadura-rena, helioz elikatzea.

–    Beste batean, goiburua “Kirola eta doping-a” zen batean, gure idazlegai horietako batek ez zidan jarri, ba, Mikel Astarlozak doping-frogan baikorra eman zuela! Eskerrak, ze nik hurrengo egunean telebistan ikusi nion aurpegia ez zen batere kontsolagarria kristau batentzat. Baikorra izan bai, baina harrapatzen bazaituzte, ederki izorratuta zaude! Azkenean, arrazoia eman beharko diogu Groucho Marxi: “pertsona baikorra gaizki informatua dagoen ezkorra da”.

–    Halako batean, osasunaren gainean ere iritzi-artikulua egitea tokatu zen. Denok dakigu horrelakoetan lexiko aberatsa erabiltzea funtsezkoa dela; ba, egun horretan ikasi nuen gaixotasun hitzaren sinonimoa heriotza hitza dela, eta, besteak beste, heriotza arina izanez gero, anbulategira joan behar den bezala, heriotza larria bada, ospitalera joan behar dela zuzenean. Eliza Santuaren ordezkaria naizen aldetik, egun horretan bertan bidali nion burofaxa Munilla Gotzain Jaunari anbulategietan ere kaperak atondu behar zirela esanez.

Horrelakoak, baina, ez dira bakarrik idazlanetan gertatzen. Ahozko probetan ere astakeria ederrak entzun ditzakegu-eta:

–    Ikasle batek biharamuneko pilulari sekulako asmakizuna irizten zionekoa da niretzat gogoangarrienetako bat. Jakina, hasiera batean asaldatu egin nintzen bekatua sustatzeko baino balio ez duen pilula baten gorazarrea entzutearekin batera. Hala ere, bere azalpena aurrera joan ahala, nire asaldura lasaitasun bihurtu zen; izan ere, delako pilula horrek ajea kentzeko balio zuela entzun nuen. Dakizuen bezala, gero eta apaiz gutxiago dago inguru hauetan, eta igandeetan hiru edo lau meza eman behar izaten ditugu jarraian. Noski, ardoa ere tamainan hartu behar izaten dugu, hortaz, lasaitu ederra hartu nuen astelehenak handik aurrera hain gogor eta alferrak izango ez zirela jabetu nintzenean.

–    Eta, azkenekoa Marokoko kontuak ikasi genituenekoa da. Egia esan, ikasle horrek azalpen ezin hobea egin zuen eta Maroko bezalako herrialde baten inbidiatan utzi ere bai. Aizue, Marokon ezin omen dira txerrikeriak jan! Hori da hori gobernu zuhurra eta ez hemengoa, edozein kaletan eta egun argiz umeen begien bistara MacDonaldsak eta Donner Kebap moduko jatetxe ziztrin eta zikinak irekitzeko baimenak ematen dituena! Alajainkoa!

Egilea: E-pistola
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

3 erantzun Idazlankeriak-ri

  1. Pingback: Idazlankeriak | legazpi6 euskaltegiaren bloga | Euskaltegia | Scoop.it

  2. egilea: e-pistola

    Ene! Marokon ezin omen dira txerrikeriak jan? Bada, nik irakurritako idazlan baten arabera herriko plazan bada txertoak jartzen dituen drogazalerik ere!

  3. mendiitu@yahoo.es' egilea: Jon

    Idazlankeria. Etimologia: idazlan (euskaratik datorrena) + keri (gazteleratik datorrena: quería. Berez, esaldi baten laburpena da: “Ni idazlanarekin quería decir…”

Utzi erantzuna Jon(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude