Inauteriak Euskal Herrian

Inauterietako pertsonaiakHemen ditugula inauteriak! Euskal Herriko inauteri anitz eta jostariak. Han eta hemen izango da zer eta nola ospatua, bai horixe! Baina, ezagutzen al ditugu gure inauteriak? Horretan saiatuko gara gaurkoan, gure antzinako ohiturak eta gaurkoak nola uztartzen diren ulertzen saiatuko gara. Inauteriak erromatarren garaikoak ditugu, eta fedez katolikoak diren lurralde guztietan ospatzen dira garizumaren aurretik. Euskal Herrian, gaur egun, bi inauteri mota ospatzen ditugula esan dezakegu; batetik,  antzinako elementu sinbolikoak dituztenak, eta bestetik, moderno edo garaikideak direnak. Lehen multzoan ditugu Zuberoako maskaradak, eta Lantzeko inauteriak. Bigarren multzoan berriz, Tolosako inauteriak, eta baita beste hiri handietakoak ere.

Bi inauteri hauen arteko ezberdintasunak nabarmenak dira, zalantzarik gabe. Lehen multzokoak euskarari eta euskal tradizioari lotuago daudela esan dezakegu; ikusi bestela jaiotako pertsonaien izenak eta ospatzeko erak (kantuak, bertsoak etab.).

Gipuzkoan kaldereroek iragartzen dute inauterien etorrera, Hungariako buhame errariak izango ditugu kaldereroak. Bizkaian berriz, Markina-Xemeinen topatuko ditugu tankerako buhameak. Bertako “Zagi Dantza” delakoan bi dantzarik dantza eder askoa egingo dute; batek hezitzailea eta besteak artza irudikatuz.

Txantxoak ere topatuko ditugu Amezketa eta Abaltzisketa aldean. Dantza eginez eta kantuan, baserriz-baserri jatekoa eskatuz ibiliko dira eskea eginez.

Lantzen Miel Otxinen akabera irudikatuko dute. Badirudi nekazarien udaberri aurreko jaiekin lotura duela bertako jaiak. Miel Otxin alproja epaitu, eta sutan erreko dute herriko plazan.

Zalduondon ere sua piztuko dute, baina hemen Markitos erreko dute. Beste hainbat herritan ere egingo dute honen gisako erreketarik, pertsonaiaren izena tokian-tokian aldatu egiten delarik: Mozolloker, Judas; Kriminala, Porrero, Toribio… Pertsonaiak hauek herriari jazotako gaitz edo gertakizun txarrak irudikatzen dituztela uste da, eta erreketak nolabaiteko garbiketa egiten duela.

Tolosan bestalde, hiriko inauteria ikusiko dugu. Garai gogorrak eta jazarpena jasan zituen baina hala ere bereari eutsi zion Gipuzkoako hiriburu izan zenak. Txilabak, zezen-jaiak, karrozen desfilea, konpartsak eta lehiaketak, denetik topatuko dugu Tolosan!

Beno, esana geratu da, ez daukazue informazio faltarik. Animatu eta ondo ibili!

Egilea: Debia
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude