Ofizio txar bat: inude

fes-donostiinudes04Haurra nintzela entzun nion behin gure amonari inude izatea baino gauza tristeagorik ez zegoela munduan, ofizio txarra zela hura emakumearentzat.
Datorren igandean ospatuko da Donostian Iñude eta Artzaien Eguna, eta data hori baliatu nahi nuke blog honetan inudeei buruz urteetan irakurri eta entzundakoak ipintzeko.

Gure amona zena, Baxili Goenaga, esnezalea zen. Astoa lagun, goizero ekartzen zuen esnea Urnietatik Donostiara, eta banaketa egin ondoren Bretxara joaten zen tratuarekin; barazkiak, arrautzak edo estraperlokoak saldu eta sos haiekin etxera itzultzeko. Askotan etortzen omen zitzaion inude gajo bat ondora, urnietarra bera, auzokoa, bere umeagatik  galdezka; ea aspaldian ikusi al zuen txikia, ea ondo ari al zen hazten, eta horrelako galderak eginez. Penatuta, errukituta, itzultzen zen gure amona etxera. Horrelakoetan zera esan ohi zuen; haien etxean aberatsak ez zirela sekula izan, baina norbere umeak norberak hazteko adina izan zutela.

Bitxia da, baina beste hainbat kontutan bezala, gai hori buruz ez dut ia informaziorik topatu. Folklorekeria merkea bai ugari bazterretan, baina ikerketa edo lanketa itxurosorik inon ez. Sar zaitezte Google orojakilean adibidez, eta hor ere apenas datorren horrelako kontakizunik. Emakumearen eskubideen aldarrikapenean izugarri aurreratzen ari (omen) garen garai honetan ere, inudetza zer izan zen ez dago batere argi. Haien minak eta ezinak ahanzturak jan dituela dirudi.

Igandean saltoka eta dantzan ikusiko dituzue Boulevardean, pozik artzainak bisitan datozkiela-eta. Baina inudeak gertutik ezagutu zituztenek, familiakoek eta lagunek, ez dute horrelako poz edo alaitasunik aipatzen inondik ere. Bai ordea tristura kontsolaezina, galera sentimendua, erruduntasuna, eta ezintasuna. Folklorekeria aipatu dut lehen, eta ezin uka igandeko jaia aparta dela enbarazu egiten duen sentimendu edo bizipen hauek estali, eta festa ergela egiten. Zergatik egiten dute ba dantza hain pozik? Agian artzainek (euren bikoteak?) euren haurrak ekartzen zizkietelako urtean behingo bisitan?

Ahotsak.com proiektu estimaezinak lagundu dit apur bat gaurkoan azaldu nahi dizuedan kontu hau argitzen. Bertan ikusi eta entzun dut nola bi urtetan zehar aberatsen seme-alabak hazten zituzten. Eurena ahizpa, ama, amaginarreba, lehengusina edo auzokoren bati utzita noski. Etxera bueltatutakoan burukilak, belarritakoak eta tertziopelozko arropak izaten omen zituzten. Inudeari jakirik goxoenak ematen zitzaizkiola ere aditu izan dut nik, baina gure amonak esaten zidan taberna zulo edo sagardotegi zokoren batean asmatutako kontu merkea zela hori.  

Alejandra Eguenen kontakizunak adibidez, hunkitu egin nau. Bertan dio nola ama inude joan zen etxean lau ume utzita. Txakur txikirik ez zeukatelako! Laugarren ahizpa jaio zenean, ama inude joan zen Gasteizera, eta jaio berria lehengusina batek hazi zuen.

Maria Bengoetxea ermuarraren kontakizuna are lazgarriagoa da. Bere amak 21 urterekin izan zuen umea hil egin zen, eta gero inude joan zen Madrilera. Ez dut uste dantza pozik egiteko moduko umorerik izango zuenik andre hark… 

Jesus Arkotxa bermeotarrak ere ez zuen amak hazteko zorterik izan. Ontzioletan krisia izan zen sasoi batean, aita Ameriketara joan zitzaion lanera, eta ama berriz inude. Bermeoko familia desberdinekin bizi izan zen, eta bideoan ikus dezakezuenez zenbaitekin txarto. 

Felisa eta Margarita Arana ahizpa aramaiotarrek ederki deskribatzen dute zein gogorra zen ogibide hau. Inude bizimodua nolakoa zen; norbere umea etxean utzi eta norabait inoren umea zaintzera. Beste norbaitek hazten zuen norberarena. Eta urtebetean ikusi ere ez!

Uste dut testigantzok ongi ulertzeko moduan azaltzen dutela adierazi nahi nizuena. Hausnarketa merezi duen gaia dela iruditu izan zait beti, eta horixe izan da nire asmoa: folklore antzu eta gezurretazkoak estali digun gai bat plazara ekartzea.

 

 

Egilea: Pinpilinperpauxa
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

4 erantzun Ofizio txar bat: inude-ri

  1. Pingback: OFIZIO TXAR BAT: INUDE | Maxixatzen

  2. abarquin@mondragon.edu' egilea: amelia

    Oso gustura irakurri dut artikulua. Nire amona gogorarazi dit; bera ere inude joan zen alargun geratu eta berehala, hiru ume txiki herrian utzita, (haien artean nire aita, izeba batzuekin hazi zena). Amona hil zen bere bizitzaren pasarte horretaz gurekin hitz egin gabe, eta artikuluak zer pentsatu eman dit. Eskerrik asko gogoetarengatik.

  3. egilea: Garbiñe Larrea

    Ez horregatik Amelia.
    Gaiak zer esana sortu du dirudienez eta mezu asko ari naiz jasotzen. Zure moduan beste zenbait ere ari zait euren etxean kontatu ez zen horri buruz idazten.
    Errezeloa daukat emakume hauek bizi izan zutenari buruz ez zutela hitz erdirik ere esan, are gutxiago etxekoei. Inori axola izateko moduko kontuak ez zirela izango pentsatuz ere bai akaso…

  4. egilea: Patziku Perurena

    “Bada ez bada, hona “inudeak” direla eta, nik Garbiñeri eman nion erantzuna, justu kontrakoa dirudiena, ez?:

    Garbiñe maitea:

    Ederra lezioa! Eta zenbat holako bizipen hunkigarri, betiko folklorekeriaz estaliak!… Baina hik eta nik ere oker haundia egiten dinagu folklorekeria honi “antzu” deitzean, ematen baitu kasik folklorekeria huts honek bestek ez duela dirurik eta hizpiderik sortzen euskararen “taigabeko festahots” honetan. Gu bezalakoak, Koldo Izagirrek esanen lukeen gisan, “festazaputz” batzuk besterik ez gaitun, folklorearen euskal labelak izorratzera gatozen “aguafiestas” batzuk besterik ez”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude