Inudetzaz (II)


inudeJoan den asteko post-ak eman du zer esana, eta gaia oso mamitsua denez, jarraitzea erabaki dut. Izan ere, zuetako askok oharrak eta mezuak bidali dizkidazue, eta badago zer esanik! Komentariorik zabalduena harridura izan da, inude hitza aditu bai, baina zer zen ez zekitenak ez ziren gutxi; horrek bereziki harritu nau. Esaterako, testua irakurri ondoren bizimodu horren gogortasunaz jabetzen hasi dela aitortu dit ama gazte donostiar batek.

Goretti Dañobeitia lagun lezamarrak bere birramamaz hitz egin dit. Pasa den urtean bularra emandako “alaba” hil omen zen, “alaba” hori, bilbotarra bera, euren familiagaz beti hur egon omen zen. Hori bai, zelan bizi izan ziren birramama eta bere seme-alabak? Ideiarik ez. Horretaz ez zen hitz egiten. Ustea daukat inude haiek, gehienek, euren mina eta samina ezkutatu egin zutela, zietela, batez ere etxekoei.

Urnietatik Arantxa Iturbek erantzun dit, esanez gaia berria dela berarentzat. Inude ibili arren bere amonak ez zuela gehiegi kontatzen, eta gauza askotaz ez zela enteratu. Eta gaur egun onenak garela, eta gure tradizioek akatsik ez dutela uste omen dugu, baina itxura besterik ez omen zaio iruditzen. Ezjakinak garen bitartean itxurakeria besterik ez omen da izango.

Inudetzaz eta edoskitzearen perspektiba historikoaz irakurtzen aritu den ama batek ere idatzi dit. Kontu jakingarri ugari kontatu dit. Inudeen haurrak ditu gogoan, eta baita inudeak bularra emanda hazitako haiek ere. Zer nolako maitasun harremana izango ote zuten euren artean, ama edo inudea, zeinekin izango ote zuten maitasun harreman estuagoa. Biekin, edo akaso batekin ere ez…. Maitasun harreman esturik gabe hazitakoak izan zirela agian, eta haur haien zoriari buruz galdetzen dio bere buruari. Galdera gogorra. Carlos Gonzalez pediatra aipatzen dit, eta termino bat oso borobila inudetzari erreferentzia egiteko: “lactancia mercenaria”.

Gero datu bat aipatzen dit; jaiotzetik lehenengo urteetan maitasun gertukoenik gabe hazten diren pertsonen indarkeriarako joeraz. Irakurri omen du, nola kultura gerrazaleenetan haurrak amagandik aldenduz hazten dituzten, eta kultura paketsuagoetan berriz, amagandik oso gertu. Alice Miller-ek ere, indarkeriaren transmisioaren tesi oso interesgarria omen du, interesgarria eta mingarria, horregatik itzalean gelditu dena pixka bat.

Eta inudearen haurra? Nork kontatu izan du hark bizitakoa? Nikolas Ormaetxea, Orixe, euskal idazlea da umearen ikuspegia ematen digun bakanetako bat. Iñaki Segurolak Orixeren liburu bat gomendatzen dit: “Kiton arrebarekin”. Bertan, kontakizun izugarri gordin eta latza topa dezakegu. Orixe hirukia zen, berak zioen bezala amak “titi baino haur gehiago” izan zituelako, eta ama gaixoak Uitzira bidali zuen inudearengana.  Bertan irakurri dut “bi ama ta batere ez”, “amaren musu bat etzekiñat zer dan”, nola gelditu zitzaion “ezin betezko utsa” bizi guztirako, eta horrela. Tarte bat hartzen baduzue, irakurri mesedez, “Bi ama ta batere ez” atala.

Orixeren Euskaldunak poema luzean ere honako aipamen izugarria azaltzen da :

Ama gaisoak, aurraldi batez,
titi baiñon aur geiago:
ez nindun gaiztoz goseak utzi.
Gaurgero zeruan dago.
Azken jaioa nintzalako,
ni besteak baiñon aulago:
bi iñude ta ama baiño
amona ez nuan gorrotoago.

Patziku Perurenak “festazaputz”  batzuk besterik ez garela aipatu dit, folklorearen euskal labelak izorratzera gatozen festazaputzak. Kontu hau isilean luzaroegi egona dela iruditzen zait, eta tira ba, hala beharko dik Patziku!

hiruinude

 

 

Egilea: Legazpi6
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Erantzun bat Inudetzaz (II)-ri

  1. agusmendi@hotmail.es' egilea: Agustin

    Oso interesgarria!
    Orain dela gutxi arte ezer gutxi nekien ofizio hain gogor honetaz. Berriki, inude bergarar baten kasua kontatu didate, Madrida joaten baitzen lanera, umeak hemen utzita. Alaba batek zioen amak ez zituela maite. Oso gogorra…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude