Irailean Herniora!

ernioraIraila erdia pasa, eta aurrera doala; udazken usaina ari zaigu iristen. Giro eguzkitsu, eta haizetsuak ditugu egunotan; mendira joateko aproposak. Eta plan horixe ekarri nahi dizuegu gaurkoan, mendirako irteera bat. Ez edonolakoa, hala ere, Herniora iraleko igandez joatea mendi-buelta egitea baino askoz gehiago baita!
Iraileko igande hauetan, erromeria egin ohi da bertan, beno, tontorretik beheraxeago; Zelatunen. Aspalditik sustraitutako ohitura zahar hau noiz eta nola sortua den ez dago argi, baina, jatorririk ezagutu ez arren, jende mordoa biltzen da bertan!

Hernio mendia, Gipuzkoa erdialdean, eta aldi berean, kostatik gertu dugun mila metrotik gorako mendia da; 1070 metroko garaiera du, hain zuzen ere. Tontorrean gurutze asko ikusiko ditugu, izan ere, gurutze horiekin batera kalbario bat dago bertan. Gure zaharrek ziotenez, kalbario honetatik pasatzen denak ez omen du gaixotasunik izango.

Herniora igotzeko hainbat bide ditugu. Guk Iturriotzetik igotzea hautatu dugu; Hernioko mendilerroaren iparraldean dago Iturriotz, 580 metrotara; eta Aia eta Asteasu arteko errepidean dagoen Andatzarrate mendatetik errepidez joan gaitezke bertaraino (azpian duzue mapa ikusgai). Iturriotzetik tontorreraino ordu eta erdi inguru beharko dugu, hori bai, beti ere bakoitzaren pausoaren arabera! Alkiza, Bidania edo Errezildik joaten denik ere bada, baina kasu hauetan, ordu pare bat beharko dugu.

Esan bezala, iraila hastearekin batera, ohiturari jarraituz, erromeria egiten da. Aurten, lau igande izango ditugu erromeriaz gozatzeko. Hernio gailurrera igo ondoren, Zelatunera joan, eta bertan biltzen dira mendizaleak festa giro ederraz gozatzeko. Hemen, hamaiketakoa egiteko aukera izan ohi da; postuak eta trikiti doinuak izango ditugu giroa alaituz.

San Joan Txiki egunez ematen zaio hasiera, eta ondorengo igandeetan izaten da erromeria Zelatunen. Gehienek Hernio tontorretik egiten dute itzulia, eta asko eta asko dira tontorrerako bidean dauden burdinazko uztaiekin gorputza zeharkatzen dutenak. Ohiturak dioenez, uztaiek hezurretako gaixotasunak sendatzen dituzte.

Ah! Hori bai, kontuan izan azken igandea izan ohi dela jendetsuena, beraz, igande honetan joatea gomendatzen dizuegu!

iturriotz-ernio

 

 

 

 

http://eu.wikipedia.org/wiki/Hernio

Egilea: Ziabloga
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude