Irakasle digitalak

DigitalTeacherAstebete joan da Miramarren izan ginela udako ikastaroetan, urtero bezala HABEk antolaturiko ikastaroan izan ginen. Bigarren hizkuntza irakasten ari garen irakasleon gaitasun digitalak lantzea zen xedea. Irakasle digitalak izateko bidean jartzea, alegia. Bertan entzundako makina bat ideia eta iradokizun buruan izan ditugu egunotan eta post honetara ekarri nahi genituzke horietako batzuk.

Letretakoak gara gehienok eta nabari da, askori beldurra ematen dio tekonologia hitza entzuteak berak (teknofoboren bat ere bada gure tartean). Hala ere ezin dugu teknologiarekin etsaiturik bizi, historian sekula idatzi eta irakurri den gehiena orain egiten baita, eta hori teknologiak baliatu digu.

Hizkuntza irakasten ari garenok komunikazioa irakasten dugu, zeharka bada ere, komunikazio irakasle ere bagara neurri handi batean, eta gaur egun komunikazioa interneten dago. Horregatik ezinbestekoa da irakasleok lehendabizi alfabetizazio digital itxurazkoa jasotzea, eta gure gaitasun digitalak lantzea. Liburuaren kultura ez da desagertu baina haren ondoren etorri den ikus-entzunezko garai digitalak gain hartu dio.

Irakasleok gure ikasgeletan lantzen ditugun lau gaitasunetatik bi; entzumena eta mintzamena, funtsezkoak dira kultura eta komunikazio bide digital berrietan. Paperean bakarrik komunikatu eta irakatsi dezakegula pentsatzen badugu jai daukagu! Gainera irakaste eredua bera dago hemen jokoan, paperean lan egin dugunetan aginte molde bertikalagoa langu dugu eta idazketa modu anitzetakoa den garai digitalean kultura horizontala ari gara lantzen. Hau da, ikaslearen autonomia ari garela lantzen; bai edukiak berak hautatzea eta bai autoikasketarako baliabideak edukitzea. Lehen obedientzia zegoen tokian gaur egun aniztasun funtzionala dago gizartean eta ikasgeletan.

Lehenik eta behin izaera digitala edukitzea aholkatu ziguten gure bi irakasleek: F. Javier Villatoro eta Francisco Herrerak. Gure e-posta helbide pertsonala erabiltzea guztiz desegokitzat eman zuten. Horren tokian gmail posta zerbitzarian kontua ireki eta Google ekosistemako baliabideak erabiltzea gomendatu zuten. Ikasleei lehen egunean eginarazteko moduko ariketa zela esan ziguten, euskarazko bertsioa ezarri ordenagailuan eta e-posta helbide bat egin dezatela.

Hortik aurrera testuak, audioak, irudiak, gelako bloga, hiztegi bisualak eta guri bururatu adina lan burutzea gomendatu ziguten. Gelako toki fisikotik toki birtual bat sortu, eta bietan lan egiten dute eurek, eta guri ere bide horrixe ekiteko esan ziguten. Tresna mordoa aztertu genuen banaka-banaka:

Google, gure gela birtuala bertan antolatzeko
Audacity, mintzamen ariketak bertan grabatu eta zuzenketak egiteko
Strip Generator, komikien bidez hiztegi bisualak egiteko
Wikipedia, maila jasoko testuak sortzeko, goi mailako ikasleentzat pentsatua (biografiak adib.)
Woices, Soundcloud, Jamendo, musika baliatuz entzumen ariketak prestatzeko
L de Lengua,  gure jakintza partekatzeko hizkuntzen iraskuntzan espezializaturiko blog bat sor dezakegu irakasleon artean. Gazteleraren irakaskuntzan erreferente da honako hau
Minube, ikasleekin bidaia edo txangoa antolatu, edo udako oporren berri emanez kronikak idazteko tokia.

Horrelako baliabide batzuk erabilita gure ikasgela ekosistema digital bat bihurtuko da, eta internet ez da edukiak hartzeko liburutegi soil bat izango. Ohar bat, edozein moduz ere, bizitza eta komunikazioa zailduko diguten tresnarik ez dezagun abian jarri irakasleok; bestela nazkatu egingo gara eta indarrak alferrik xahutuko ditugu!

Informazio gehiago nahi duenak jo beza Twitterreko #h2digital traolera, bertan topatuko ditu ikastaroan emandako hainbat datu, komentario interesgarri eta baliabide osatuenak.

 

Egilea: Pinpilinperpauxa
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude