Ithaka

kioni-harbour-on-ithakaOporra, aizue, oporrak beste konturik ez dago gure gelan! Bat Andaluziara joatekoa dela, bestea Parisera, joan ezin duen batek Bartzelonara joango litzatekeela… Aste Santuko oporren usainean gaude, eta oraindik bi aste falta! Aurrekoan Kavafisen aipua irakurri nuen blog honetan, eta Ithaka etorri zitzaidan gogora. Greziako uharte zoragarri eta magikoa. 

Irla txikia da oso, apenas omen ditu hiruehun biztanle, baina literaturari asko emandakoa da. Lehendabizi Homerok, bere Iliada eta Odisea lanean egin zuen ezagun; Ulyses-en sorterria baitzen, eta Troiako gerratearen ondoren bertara itzultzeko sekulako bidaia egin behar izan zuen. Konstantin Kavafis poetak bidaia hori hartu zuen ardatz, eta bere poema ezagunenetako bat eskaini zion.

Poema Ulyses-en itzulerari buruz ari da, eta Poseidon-en amorruagatik bizitako zailtasunak kontatzen ditu. Ithakara itzultzea zen bere helburua, baina bidaia samurra baino pasadizuz beteriko bidaia burutu zuen. Kavafisen poema honek bidaia haren alegoria egiten du, Ulyses-en arazo eta bizipenen kontakizuna. Bidaia bizitzea baita Kavafisentzat!

Ondorengo itzulpena Andolin Eguzkitza eta Olga Omatosek egindako da. Pamiela argitaletxeak 1995ean eginiko Poema Antologia liburutik hartu dudana.

ITHAKA (1911)

Ithakara itzultzeko bidaian abiatzen zarenean,
egizu otoitz bidea luze izan dadin,
menturez betea, ezagutzez betea.
Lestrygonei eta Zyklopeei,
eta Poseidon hiratuari ez iezaiezu beldur izan,
horrelakorik ez duzu zeure bidean inoiz aurkituko,
zure pentsamenduak gora badirau, baldin eta zirrara
fin batek zure izpiritua eta zure gorputza ukitzen baditu.
Lestrygonak, Zyklopeak,
Poseidon hiratua ez dituzu aurpegiratuko,
zeure ariman ez badiezu abaro ematen,
zure arimak ez baditu jartzen zure aurrean.

Egizu otoitz bidea luze izan dadin.
Anitz udagoiz izan dadin,
zeinetan zein plazerrez, zein zoriontasunez
helduko baitzara aldez aurretik amesturiko portuetara;
geldi zaitez merkatu feniziarretan,
eta merkarntzia ederretarik egizu pilaketa,
perlak eta koralak, anbare eta ebanoak,
eta lurrin laketgarri era guztietakoak,
ahal duzun gehiena lurrin laketgarrietarik;
hiri egipziar askotara joan zaitez,
ikasteko eta ikasteko dakitenengandik.

Zeure adimenduan ukan ezazu Ithaka beti.
Horrainoko etorrera da zure jomuga.
Baina ez ezazu presaka zeure bidaia bat ere.
Hobe da anitz urte eder dirauela;
eta behin zaharturik ja irlara heltzea,
bidean irabazitako guztiarekin aberats,
espero gabe Ithakak aberastasunik ematea.
Ithakak bidaia eder bat eman zizun.
Bera gabe ez zinatekeen abiatu.
Baina ez dauka deus besterik zuri emateko.
Era pobrea edireten baduzu, Ithakak ez zintuen engainatu.
Bilakatu zaren jakintsua, hainbeste esperientziarekin
ulertu dukezu Ithakek zer erran nahi duten.

 

Egilea: Barraskilo hegalaria
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude