Jengibre gozokiak

ginger isolated on white backgrou

San Martin egunetik atzera hasten omen da negua sentitzen, eta aurten bete da esaerak esandakoa; joan den astelehenetik aurrera hotza eta euria ari baitira nagusitzen. Asteburua hotza datorrela aurrikusiz gozoki bero eta bizia gomendatu nahi dizuegu gaurkoan, jengibrez egindako gozokia: jengibre konfitatua. Ez dira hamarkada asko ekialdeko sustrai hau gure artean agertu zenetik, baina gero eta ohikoagoa ari da bihurtzen gure fruta-denda eta otorduetan.


JENGIBRE KONFITATUA

Jengibre konfitatua etxean egitea lan samurra da, uste duguna baino errazagoa. Gozoki hau beste hainbat errezeta gozo zein gazi egiteko erabili ahal dugu, osagai bikaina baita; jengibre trufak esaterako. Jengibrearen zaporea atsegin dugunok gozoki hau litxarkeria moduan jan ohi dugu.

OSAGAIAK

200 gr. jengibre gordin eta zuritua (zuritu ondoren pisatu)
800 gr. azukre (azukre beltza ere izan daiteke)
400 gr. ur

PRESTAKETA

Zuritu jengibrea, eta moztu xerra finetan edo makiltxoetan; gustokoen duzuen forman.

Ipini jengibrea ontzi batean eta ura gehitu, berotu irakin arte. Ondoren ipini su baxuan eta egosi ordubetez, jengibrea bigundu arte. Jengibrearen zaporea leundu nahi izanez gero, ura behin edo bitan alda dezakegu. Urik aldatu ezean, zapore indartsua izango du.

Jengibrea egosia dagoenean iragazi. 

Azukrea sutan ipini ur apur batekin, horrela almibarra egingo dugu. Azukrea desegindakoan, gehitu jengibre egosia eta su baxuan utzi, beste ordubetez. Ontziaren estalkiari zirrikitua utzi, arnasa hartu behar baitu.

Ordubete igarotakoan, ontziaren estalkia kendu eta jarrai dezala egosten; beste ordubete edo ordu eta erdiz. Almibarra ia lehortu arte. 

Sukaldatzeko paper edo erretilu baten gainean zabaldu, eta lehortzen utzi; azukrea ondo kristaldu arte. 

On egin!

Egilea: Legazpi6
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude