Kaleen izenak: lehena eta oraina

Calle Prim .Donostia.Dibujo. Joaquín Aragón.Su haietatik hitz hauek argitalpena irakurtzen aritu gara egunotan ikasgelan, eta hainbat kontu jakingarriren berri izan dugu. Gure hiriko kale izenei buruzko eztabaida, adibidez, amaigabea izan da. Zenbat aldaketa izan ote dira mende bakarrean! Gure ikasleek gogoan dituztenak aipatzen hasi, eta, hara hor, iturri agortezina topatu dugu.

Lehen San Telmo kalea edo Trinitate kalea zena gaur egun Abuztuaren 31 kalea da. Fermin Kalbeton kalea ahoskatu nahi ez duenik bada gure artean, Puyuelo kalea deitzen diolako; nahiz eta jakin dugun horren aurretik kale hau Apaiz kalea zela. Enbeltran kalea ere Aza kalea genuen. Ikatz kaleko ikaztegiak desagertu ziren, eta izena bera ere bai, gaur egun Juan de Bilbao baitugu. San Jeronimo kalea berriz Escotilla kalea genuen, harresiarengatik akaso? Narrika kalea berriz Esnategi kalea genuen, eta oraindik ere, batzuk akordatzen dira nola esnezaleak bertan izaten ziren euren asto eta guzti. Astoak aipatu ditugularik, esan dezagun San Lorenzo kalea Asto kalea genuela joan den mende hasieran. Eta Alde Zaharreko plazarik ezagunena, egun Konstituzio plaza dena, lehen Plaza Berria genuen. Gure Kanpandegi kaleak ere bazuen aurreragoko izena, Zubigain kalea hain zuzen ere!

Eta Alde Zaharretik at ere aldaketa ugari izan da kale-izendegian. Plaza 13 de septiembre izandakoa mende honetan Euskadi Plaza da. Gran Via berriz Primo de Rivera izenez zen ezaguna. Paseo Berriak ere izen horixe zuen, Paseo Jose Antonio Primo de Rivera. Eta Askatasunaren Etorbidea berriz Avenida España zen. Gure egungo Boulevard Zumardia berriz, Alameda Calvo Sotelo. Gizon “ilustrez” beteriko hiria aizue, hara bestela, lehengo eta oraingo izenen alderaketa hau: Easo kalea adibidez Victor Pradera kalea zen, lehen Avenida Generalisimo zena orain Zurriola Etorbidea, Iturrino Hermanos berriz egun Arrasate kalea, General Mola izandakoa Euskadi Etorbidea (Intxaurrondon) orain, eta azkenik General Franco deiturikoa Intxaurrondo kalea da guretzat.

Zuek besterik ba al duzue zerrenda honetarako? Ziur gaude baietz, hiria handia da eta kaleak erruz ditugu. Bidali zuenak!

Egilea: KomaHantxe
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude