“Kortxoa eta aingura” Bernardo Atxagaren ikasturte irekierako hitzaldia

atxagaHABEJoan den irailaren 13an, Gasteizen izan ginen HABEren ikasturte hasierako ekitaldi ofizialean. Aurten, Bernardo Atxagari eskatu zioten ikasturte irekierako hitzaldia emateko, eta, ohi duen eran, kontu interesgarri eta jakingarriak kontatu zizkigun. Euskararen biziraupenarekin kezkatuta gaudenontzat eta, batez ere, irakaskuntzan ari garenontzat, hausnarketarako hainbat gai ipini zuen.Ia ordubeteko hitzaldian esandakoek izan zuten ohiartzunik sare sozialetan: bai Twitterren (#Atxaga #Goiuri eta #HABE traolekin) eta bai Iñaki Murua irakaslearen blogean ere.

Euskara, une honetan, zubi zail eta arriskutsu batean dagoela esan zigun. Zubi hori itzulpena dugu, izan ere, alboan ditugun bi hizkuntza handien indarrak horretara behartzen gaitu, itzultzera. Konturatu al zarete euskara idatzia eta irakurria ia guztia itzulpena dela?

Itzulpenak aztertu eta kontrolatu egin beharko lirateke, eta eleberri batean itzultzailearen izena ipintzen den bezala, edozein itzulpenetan ere ipini, itzultzaile onen lana ezagutzera eman dadin. Honekin batera, itzultzaileek harremanean egin beharko lukete lan, batera agian, etxe batean elkarrekin; zergatik ez?

Itzulpen txarra eta itzulpen alferrikakoa, inork irakurriko ez duena, hartu behar ditugu jomugan. Zertarako egin behar dira? Gure herrietako udaletan dauden itzultzaile horiek, egunero-egunero aktak itzultzen ari direnak, ez al genuke hobea Wikipedia itzultzen ipintzea? Sareko euskal komunitateak biziki eskertuko luke, eta euskarak ere bai.

Zergatik gabiltza oraindik euskararen aldeko lan honetan? Agian, hizkuntzaren iraupena eta bizitza lotuta daude indar edo ideia poetiko batekin. Bakarren batek maitasuna deituko dio, eta ongi dago. Baina zer da ideia hori, aingura ala kortxoa? Non daukagu jarria aingura? Zertarako eutsi? Edo nekeak jota euskarria galdu eta ur gainean gabiltza kortxoaren moduan?

Galdera hauen erantzunak aurkitzeko eta hitzaldiaz gehiago jakiteko, esan hitzaldia oso-osorik IKASBILen dagoela; bideoa eta transkripzioa hain zuzen ere.

Egilea: Ziabloga
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude